NAIZ
Gaur X urte

Ia 90.000 hildako utzi zituen lurrikaratik 15 urte pasatu dira

Txinako Sichuan jendetsuan izan zen lurrikarak uste baino biktima gehiago utzi zituen. Egunetan zehar atera zituzten gorpuak harri pilen artean, eta milaka pertsona ez zituzten sekula aurkitu.

Sichuango hiri baten egoera, guztiz birrinduta.
Sichuango hiri baten egoera, guztiz birrinduta. (AFP)

Arratsaldeko ordu biak eta erdi jotzeko ziren 2008ko maiatzaren 12an Richter eskalako 7,9 graduko lurrikara batek Txinako Sichuan probintzia gogor jo zuenean. Hasierako datuek zioten ehundaka zirela hildakoak; azken balantzeak ia 90.000 pertsona zenbatu zituen.

Lurrikara indartsua izateaz gain –2.000 kilometrora dagoen Beijinen ere sentitu zen–, epizentroa zonalde jendetsu batean izan zen, izan ere, 46,2 milioi pertsonei eragin zien. Sichuango lurrikara hirugarren kokatzen da gure mendean, hildakoen kopuruari dagokionez, Indonesian 2004ean eta Haitin 2010ean gertatutakoen ostean.

Eraikin gehienak eraitsi zituen astinduak eta milioika pertsona etxerik gabe gelditu ziren. Ia 400.000 zauritu izan ziren. Biktima ugari haurrak izan ziren, gertatu zenean eskola ordua zelako, eta eskolak eraikitzeko materiala txarra zelako. Eskola bat bestearen atzetik erori ziren. Egun horretan iritsi ziren irudiak benetan gogorrak izan ziren.

Erreskate lan handiei esker, lehen 72 orduetan jendea bizirik aurkitzea lortu zuten, baina ondoren hildakoen gorpuak berreskuratzea besterik ez zegoen. Identifikatu gabeko pertsonen gorpuak errepideetan pilatzen ziren, norbait bizirik topatzeko itxaropena mantentzen zuten bitartean.

Lurrikararen erreplikek ere ez zuten lagundu (13.500 inguru zenbatu ziren). Bizirik atera zirenak aurrera egin behar izan zuten egoera oso latz batean, eta gainera etengabeko urduritasuna gehitu behar izan zioten, errepikatuko zenaren beldurra dela eta. 6.500 enpresa inguru itxi behar izan zituzten, eta 44,6 milioi abeltzaintzako abere hil ziren, normaltasunera itzultzea zailduz.