Uztapide bertsolari miretsia hil zela 40 urte
Bertsolaritzaren historiak eman dituen bertsolari handien artean batzuk besteak baino maitagarriagoak izan dira, eta maitagarria ez ezik miretsia eta estimatua izan zen Manuel Olaizola, Uztapide. Gaur 40 urte bete dira hil zenetik.
«Olaizola Urbieta, Manuel. Jaiotza data, 1909 Endoia. Heriotza, 1983, Ergoien. Jarduera nagusia: bertsolaria». Hau irakur daiteke Xenpelarren dokumentazio zentroan irekita duen fitxan.
Inazio Paulo Olaizola (Endoiarra) eta Maria Bizenta Urbieta Azpiazuren (Itziartarra) semea, zortzi senidetan laugarrena izan zen Uztapide. 1922 inguruan, 13 urte zituela, urtebeterako Arabako Zurbanora bidali zuten gurasoek erdaraz ikasi zezan; 14 urtez geroztik, baserri eta mendiko langintza gehientsuenak probatu zituen: artzaintza, karegintza, ikazkintza, egurketa... harik eta fabrikan lanen hasi zen arte.
Kontxi Iturain Etxeberriarekin, Krixoxtomo Iturainen alaba, ezkondu zen 1952an Oiartzunen; bi seme izan zituzten, baina aurrenekoa jaiotzean hil zen. Bigarrena, Manuel Olaizola Iturain.
2007an kaleratu zuen GAUR 8k Joxean Agirreren erreportaje bikain bat, Uztapideren alargunari buruzkoa. Ohikoa ez zen arren, emakumeak itzalpean gelditu zirelako gehienetan, Kontxita Iturain protagonista bihurtu zuen Agirrek ‘Uztapiderekin gustatu zen neska’ izenburupeko erreportajean. 42 urte zituen Utzapidek Kontxitarekin ezkondu zenean. Neskak 20 urte gutxiago zituen.
1935ean hasi zen bertsotan Uztapide jendaurrean eta 1972an isildu zen; bertsolari batek eskura dezakeen guztia lortua zuen ordurako. 1962, 1965 eta 1967an Euskal Herriko txapeldun izan zen, eta 1936an eta 1960an bigarren.
Gerra ondorengo aroan, Basarri eta Lasarterekin batera, bertsolaritzaren izen nagusia izan zen. Bertsotan hizkera garbikoa eta arrazoi argikoa izateaz gain, edozein egoeratara moldatzeko aparteko dohaina zuen behatzaile zorrotz honek. Joan den mendeko bertsolaririk maitatuenetako bat izan zen.