GAUR8

Musika, moda eta jolasak izango dira larunbatean Gasteizen, Afrikaren Astea ospatzeko

Afrikako komunitateak hainbat jarduera eskainiko ditu larunbatean Gasteizen, Afrikaren Astearen barruan. Jantzi tradizionalen desfilea, eromeria eta Mikel Urdangarinen kontzertua dira egunak utziko dituen hitzorduetako batzuk.

Afrikaren Astearen kartela, irudian.
Afrikaren Astearen kartela, irudian. (Gasteizko Udala)

Afrikaren VI. Astea ospatuko da Gasteizko Foruen plazan datorren larunbatean, ekainaren 24an. Jaialdia herritar guztientzat zabalik egongo da eta bisitariek jolasez, tailerrez, modaz, erakusketa batez eta musikaz gozatzeko aukera izango dute.

Gasteizko Afrikako Diasporako Erakundeen Elkartea da ekitaldiaren antolatzailea. 21 elkartek osatua, antolatze lanetan Gasteizko Udaleko Garapenerako Laguntzako Zerbitzuaren babesa dauka.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jardunaldia hasteko, Gasteizen dauden Afrikako Diasporako erakundeek egindako lana erakutsiko dute. Nahi duenak hennazko tatuajeak eta afrikar txirikordak egin ahal izango ditu, baita artaburuak biltzeko eta ping-pong txapelketetan parte hartu ere. Horrez gain, 'Oihal artean: Afrikako oihalen tradizioa Gasteizen’ erakusketa ibiltaria frontoian izango da ikusgai.

Arratsaldean Afrikako eta Euskal Herriko jantzi tradizionalen desfilea izango da musikaz lagunduta, eta eguna amaitzeko, DJ Eromena, Kultura Reggae Band eta Mikel Urdangarinen kontzertua.

Gasteizko Afrikako Astearen helburua da Afrikako, Arabako eta Euskal Herriko biztanleen arteko bizikidetza sustatzea, elkar ezagutzea bultzatzea eta artea, musika, dantza, moda tradizionala eta, oro har, Afrikako kulturak ezagutaraztea.