GAUR8
Gaur X urte

Aimar Olaizolak bere azken Buruz Buruko txapelketa irabazi zuen duela 10 urte

2013ko ekainaren 23an Olaizola II.ak bere azken Buruz Buruko txapelketa irabazi zuen (22-7), laugarrena, Juan Martinez de Irujoren aurka jokatuz. Pilotari onenetakotzat hartzen da Olaizola eta hiru modalitateetan final gehien jokatu dituena da.

2013ko Buruz Buruko txapelketaren bi finalistak.
2013ko Buruz Buruko txapelketaren bi finalistak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Buruz Buruko modalitatean lau txapel lortu zituen Aimar Olaizola pilotariak. Azkena 2013ko ekainak 23an irabazi zuen, gaur duela hamar urte, Juan Martinez de Irujoren aurka Bilboko Bizkaia frontoian. Bere ibilbide profesionalean zehar lau eta erdiko txapelketa zazpi aldiz irabazi zuen, binakakoa hirutan eta Bigarren Mailako Buruz Buruko txapelketa behin, 1999an.

Garaipen honekin Martinez de Irujo, Atano II.a eta Ruben Beloki kideak berdindu zituen Buruz Buruko palmaresean. EITB hedabideak partiduaren egunean jaso zuenez, «uste baino errazago» lortu zuen garaipena Goizuetako jokalariak, «batez ere, Irujok egun txarra izan duelako eta akats asko egin dituelako».

«Askoz gehiago berdinduko zela aurreikusten zen partida batean, Goizuetako aurrelaria nagusi izan da argi eta garbi, ia akatsik egin gabe eta sakearekin frontoiaren gainean inoiz eroso egon ez den Irujo oso huts eginda menderatuz», laburbildu zuen EITBk.

Gainera, Julian Retegi, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Urrutikoetxea eta Oinatz Bengoetxearekin batera Aimar Olaizola zazpi pilotari bakarrenetako bat da esku-huska profesionaleko lehiaketa goreneko hiru txapelak irabazten.

41 urte eta 14 txapelekin, Aimar Olaizola frontoietatik erretiratu zen 2021eko azaroaren 13an jokatu zuen azken partidua, Goizuetan, Imazekin batera eta Jaka-Aretxabaletaren aurka. 22-14 irabazi zuen Olaizola II-Imaz bikoteak.