GAUR8
Gaur X urte

‘Karibeko Piratak’ abentura eta fantasiazko filmak hogei urte bete ditu

‘Karibeko Piratak’ (Pirates of the Caribbean, jatorrizko bertsioan) abentura eta fantasiazko film-sail ezagunak bost pelikula biltzen ditu. Duela hogei urte estreinatu zen lehena, ‘Karibeko Piratak: perla beltzaren madarikazioa’. Arrakasta itzela lortu zuen Walt Disneyren ekoizpenak.

‘Karibeko Piratak’ film sailak erabateko arrakasta izan zuen.
‘Karibeko Piratak’ film sailak erabateko arrakasta izan zuen. (EUROPA PRESS)

‘Karibeko Piratak’ film-sail ospetsuaren lehenbiziko pelikula 2003an estreinatu zen. Gore Verbinskik zuzendu zuen ‘Karibeko Piratak: perla beltzaren madarikazioa’ arrakastatsua, baita jarraian etorri ziren hurrengo biak ere. Laugarrena Rob Marshallek sinatu zuen, eta bosgarrena, Joachim Ronning eta Espen Sandbergek. Batez ere Ted Elliott eta Terry Rossiok idatzi zituzten istorioak, eta bertze idazle batzuek ere parte hartu zuten, Stuart Beattie, Jay Wolpert eta Jeff Nathansonek.

Jack Sparrow kapitainaren, Will Turnerren eta Elizabeth Swannen abenturak kontatzen dituzte pelikulek. Johnny Depp, Orlando Bloom eta Keira Knightleyk antzezten dituzte pertsonaiak, hurrenez hurren. Filmek aurrera egin ahala pertsonaia gehiago batzen dira, Hector Barbossa eta Joshamee Gibbs, adibidez.

Itsasoetako mito eta kondairen gainean libreki eraikitako istorioak dira.

Aurreneko pelikulan, adibidez, Elizabeth Swann gazte aristokrata da protagonista. Bere aitak, Port Royal hiriko agintariak, James Norrington kapitainarekin ezkontzea nahi du, baina Elizabeth haurtzaroko lagun minarekin maiteminduta dago, Will Turner arotzarekin. Ezkontza kontuekin ari direla, pirata batzuek neska bahitzen dute, medaloia kendu eta altxor madarikatu bat lapurtzeagatik jaso duten betiko kondena puskatzeko asmoz.

Lehenbiziko filmak kritika ezin hobeak jaso zituen eta 654 milioi dolar bildu zituen mundu osoan. Arrakasta haren ondotik, Walt Disneyk bertze lau pelikula estreinatu zituen segida gisa, azkena 2017an, ‘Karibeko Piratak: Salazarren mendekua’. Marka guztiak hautsi zituzten.