GAUR8
Gaur X urte

Norvegiako atentatuek 77 hildako utzi zituzten gaur 12 urte

Anders Behring Breivik-ek Norvegiako gobernuaren egoitzan jarritako lehergailu batek zortzi hildako eragin zituen lehenik, eta ondoren beste 69 hil zituen tiroka Utoya uhartean.

Utoya parean, loreak jartzen.
Utoya parean, loreak jartzen. (Jonathan NACKSTRAND | AFP)

2011ko uztailaren 22an, gaur hamabi urte, egin zituzten Norvegiako atentatu ezagunak. Bi lekutan egin ziren erasoak. Lehenengoa, Osloko erdigunean, Norvegiako gobernuaren egoitzan. Bigarrena, aldiz, Utoya uhartean gauzatutako tiroketa izan zen. Hildakoen artean Mette-Marit printzesaren nebordea eta Jens Stoltenberg lehen ministroaren gertuko adiskideak zeuden.

Norvegiako Poliziak Anders Behring Breiviki egotzi zizkion atentatuak eta berak ere hala onartu zuen. Herrialdeko lehen ministroaren arabera, atentatua «Norvegiak Bigarren Mundu Gerratik jasandako erasorik latzena» izan zen. 2004ko Madrilgo atentatuen ondoren, Mendebaldeko Europako atentaturik hilgarriena izan zen Norvegiakoa.

Gertaeren hasiera arratsaldeko 15:20etan heldu zen, bonba-auto batek eztanda egin zuenean Youngstorget plazan, Oslo hiriburuan. Zehazki, Jens Stoltenberg garai hartan Norvegiako lehen ministroa zenaren bulegoaren kanpoan lehertu zen bonba. Eztandak Petrolio eta Energia Ministerioaren eta Finantza Ministerioaren eraikinak ere kaltetu zituen, eta zazpi kilometrora ere entzun ahal izan zen.

Poliziak inguru osoa itxi zuen eta Osloko erdigunea hustea gomendatu. Trenbide zati bat ere itxi zuten eta hiriko aireportuan segurtasuna indartu zen. Leherketak zortzi hildako eragin zituen, kalte material handiekin batera.

Baina okerrena oraindik heltzeko zegoen. Osloko leherketatik ordu eta erdira gutxi gora-behera, poliziaz jantzitako gizon bat, Anders Behring Breivik gero jakingo zenez, Utoya uhartean Norvegiako Alderdi Laboristaren gazteentzako udalekuetan parte hartzen ziren pertsonei tiroka hasi zen.

Antza denez Breivik polizia gisa identifikatu zen eta segurtasun txekeo bat egitera zihoala esan zuen. Tiroketaz gain, poliziak irlan hainbat lehergailu aurkitu zituen. Guztira 77 pertsona hil zituen Breivik-ek egun hartan eta beste 96 zauritu.