GAUR8
Gaur X urte

Gaur 35 urte hil zen Enzo Ferrari, automobil marka ezagunaren sortzailea

1988ko abuztuaren 14an zendu zen Enzo Ferrari, izen bereko automobil markaren sortzailea. 90 urte lehenago jaioa zen Italiako Modena hirian eta bertan hil zen gaurko egunez duela 35 urte.

Enzo Ferrari.
Enzo Ferrari. (Wikimedia Commons)

Gaur bete dira 35 urte Enzo Ferrari hil zenetik, 90 urte zituela. 1 Formulako Scuderia Ferrari taldearen eta, ondoren, Ferrari automobil markaren sortzailea izanagatik da ezagun. Italiako Modena hirian jaio zen eta bertako suhiltzaileen tailerrean aritu zen lanean. Lehen Mundu Gerran soldadu ibili ondoren, 1918an, proba-pilotu lana aurkitu zuen Turinen.

Ostean, Milanera joan zen Construzioni Meccaniche Nazionali enpresako proba-pilotu eta pilotu ofizial bezala aritzeko eta 1919an debutatu zuen Parma-Berceto lasterketan. Urtebete geroago, Alfa Romeo taldera joan zen. Han proba-pilotu bezala hasi zen eta pilotu ofiziala eta salmenta laguntzailea izaten bukatu zuen, eta Lehiaketa Ataleko Zuzendaria ere izan zen.

1929an, lasterketarako talde bat osatu nahiean, Scuderia Ferrari sortu zuen Modenan, Alfa Romeorekin lan egiten jarraitu bazuen ere. 1940an, Ferrarik Alfa Romeorekin zituen lotura guztiak hautsi eta Auto Avio Construzioni Ferrari enpresa independente bilakatu zen.

1943an Ferrari lantegia Modenatik Maranellora eraman zuen. Han makina bereziak egiten hasi zen. Italia Bigarren Mundu Gerran sartuta zegoen eta 1944an lantegia bonbardatu zuten, baina 1946an berreraikia zuten. Bitartean, lehenengo Ferrari autoa diseinatu eta eraikitzen hasi zen.

1978an larri gaixotu zen Ferrari, giltzurrunean zuen gaitz baten ondorioz eta, hamar urte geroago hil zen, jaio zen hiri berean.