GAUR8
Gaur X urte

Lau urte Iñigo Muguruza gabe

Kortatu, Deirium Tremens, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau musika taldeetan aritutako Iñigo Muguruza 2019ko irailaren 5ean zendu zen esklerosi anizkoitzagatik, 54 urterekin, gaur duela lau urte.

Iñigo Muguruza 2017an.
Iñigo Muguruza 2017an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Duela lau urte Iñigo Muguruza musikaria hil zen esklerosi akizkoitzak jota, 54 urte zituela. Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau taldeetan aritu zen baxu- eta gitarra jotzaile. Jabi Muguruza eta Fermin Muguruza musikarien anai gaztea zen.

Geroago Beti Mugan bilakatu zen Desband taldean hasi zuen bere ibilbidea 14 urterekin. 1984an Kortatu taldea sortu zuen Fermin anaiarekin eta Treku Armendarizekin batera. Honekin, ‘Kortatu’, ‘El estado de las cosas’, ‘Kolpez Kolpe’, ‘Azken guda dantza’, ‘A Frontline Compilation’ eta ‘A la calle’ diskoak kaleratu zituen Irungo hirukoteak.

1988an taldea banatu zenean, Muguruzak zenbait hilabete eman zituen Nikaraguan brigadista gisa, Nazio Askapenerako Fronte Sandinistari laguntzeko kanpainetan.

Beranduago, 1990ean Negu Gorriak taldea hasi zuen Fermin anaiarekin eta Kaki Arkarazorekin batera. Hamarkadaren bukaeran 1996an, Negu Gorriak alde batera utzi eta talde berria sortu zuen Sergio Ordoñezekin eta Jabier anaiarekin, Joxe Ripiau, Latinoamerikako musikan, ska-n eta reggae-an ardaztuta.

2000 urte aldera Sagarroi taldea sortu zuen eta 2011n Lurra. 2017tik zendu zen arte Hiru Leike proiektuaren parte izan zen Ane Odriozolarekin.

Musikaz gain, haurrentzako liburu bat idatzi zuen eta film labur batean parte hartu zuen eta ‘Ezekiel’ antzezlanaren eszenaratzean lan egin zuen.