GAUR8

Iurretako kofradien atzoko eta gaurko balioa jaso du liburu batek

Iurretako kofradien ibilbidea gogoratu eta duten garrantzia jaso eta gizarteratzeko liburua osatu dute Iurretako Kofradien Batzordeak eta Gerediaga Elkarteak. Igandean ospatuko den Kofradien Egunean eskuratu ahal izango da liburua. Jasotako testigantzekin, gainera, ikus-entzunezkoa sortu dute.

‘Iurretako kofradiak.Iraganari etorkizuna ematen’ liburuaren egileak eta Iurretako Kofradien Batzordeko eta Gerediako kideak, aurkezpenean.
‘Iurretako kofradiak.Iraganari etorkizuna ematen’ liburuaren egileak eta Iurretako Kofradien Batzordeko eta Gerediako kideak, aurkezpenean. (Gerediaga Elkartea)

«Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen» liburua aurkeztu dute Durangaldeko herrian, erakunde horien garrantzia nabarmendu eta jendarteratzeko. Izan ere, argitalpenaren aurkezpen publikoa datorren astean egingo da, lekukotzak biltzen dituen ikus-entzunezko baten proiekzioarekin.

Iurreta Kofradien Batzordeak eta Gerediaga Elkarteak elkarlanean sortu dute liburua. Nabarmendu dutenez, «lan historiko hutsetik harago joatea da asmoa». Dibulgazioan sakondu nahi dute, kofradien lana jendarteratzeko: «Herria kofradien parte heinean, kofradiak herriaren parte direla» erakutsiz.

Ibilbide historikoaren inguruan gogoratu dute 1973an «aro berri bat» hasi zela kofradientzat: «Urte horretan kofradiek basoen kudeaketa berreskuratu zuten Durangoko Udalarekin basoen jabetzaren inguruan izandako gatazkaren ostean».

«Gatazka horren gainekoak, desanexioaren aldeko borroka, basoen ustiapenarekin herrian eginiko proiektuak, kofradien izenean Iurretan egin diren dinamikak eta emakumeen partaidetzarako pausoak» liburuak jorratzen dituen gaietako batzuk dira.

Liburua dokumentazio historikoarekin eta azken 50 urteetako lekukoen testigantzetan jasotakoarekin osatu dute. Mikel Onaindia Txabarrik egin ditu testuak eta bideo grabazioak, Jon Irazabal Agirre arduratu da dokumentazio lanaz eta artxibo historikoko informazioaz, eta Eñaut Aiartzaguena Bravok egin du diseinua eta maketazioa.

Hiru saio, testigantzen bideoa ikusteko

Libururako jasotako bideoekin 25 minutuko ikus-entzunezkoa sortu du Onaindiak. Irailaren 14an ikusi ahal izango da hiru saiotan: 17.00etan, 18.30ean eta 20.00etan.

Lanak dibulgazio handiago bat izan dezan, libururako batutako dokumentazioa eta bideoak webgune berezi batean sareratzea da asmoa.

Hilaren 10ean, Kofradien Egunarekin bat eginez, liburua eskuratzeko aukera izango da. Bost euroan salduko da.