GAUR8
Gaur X urte

Boris Jeltsinek Errusiako Herriko Diputatuen Kongresua eta Errusiako Sobiet Gorena desegitea erabaki zuen duela 30 urte

1993ko Errusiako konstituzio krisia edo urri beltza ere deitua, urte horretako irailaren 21etik urriaren 5era bitartean gertatu zen, Boris Jeltsin presidenteak Errusiako Herriko Diputatuen Kongresua eta Errusiako Sobiet Gorena desegitea erabaki zuenean, gaur 30 urte.

Boris Jeltsin Sobietar Batasunaren desagertzearen eta Estatu Independenteen Komunitatearen sorreraren erantzulea izan zen. 1991 eta 1999 bitartean izan zen Errusiako presidente.
Boris Jeltsin Sobietar Batasunaren desagertzearen eta Estatu Independenteen Komunitatearen sorreraren erantzulea izan zen. 1991 eta 1999 bitartean izan zen Errusiako presidente. (WIKIPEDIA)

1993ko irailaren 21ean, Boris Jeltsin presidenteak Errusiako Herriko Diputatuen Kongresua eta Errusiako Sobiet Gorena desegitea erabaki zuen, boterean sendotzeko eta erreforma neoliberalak egiteko oztopo baitziren berarentzatz. Jeltsinen dekretua 1978ko Konstituzioaren aurka zihoan.

Kongresuak dekretu hori baztertu zuen eta presidentearen kargugabetzea onartu zuen apelazio bidez. Aleksandr Rutskoi presidenteordea jarri zuten orduan bere lekuan, Konstituzioak agintzen zuen bezala. Irailaren 28an, Jeltsinen Gobernuaren aurkako protesta publikoek kaleak hartu zituzten Moskun. Horien errepresioan hamaika hildako izan ziren.

Jeltsinen kontrolpean, armadak krisia amaitzea erabaki zuen. Diputatuak Etxe Zurian, Errusiako Parlamentuaren egoitzan, sartu eta presidente kargugabetuaren kontrolpean zeuden indarren setioari aurre egiteko prest agertu ziren.

Hurrengo astean, Jeltsinen aurkako eta Parlamentua eta Sobiet Gorena babesteko herri protestak handituz joan ziren. Urriaren 2an jo zuten goia, Errusia gerra zibil baten atarian zegoela. Goi militarrek babesa eman zioten kargugabetutako presidenteari, eta honek Etxe Zuria indarrez husteko agindu zuen. Jeltsinen agindua bonbardaketa bidez gauzatu zen, tankeen eta artilleriaren bidez. Etxe Zuria suntsitu zuten eta okupatzaile asko erasoan hil ziren.

Urriaren 5erako, Jeltsinen aurkako erresistentzia suntsiturik zegoen. Gatazkak hamar egun iraun zuen eta 1917ko Urriko Iraultzatik Moskun izandako gertakaririk larriena izan zen. Gobernuaren arabera, 187 pertsona hil eta 473 zauritu ziren. Beste iturri batzuek, ordea, 2.000 hildako zenbatu zituzten.

Erasoak Bill Clinton Estatu Batuetako garaiko presidentearen bermea izan zuen, baita mendebaldeko herrietako prentsarena ere.