GAUR8
Gaur X urte

50 urte dira Pablo Neruda poeta txiletarra hil zela... edo hil zutela

Pablo Neruda idazle ospetsua 1973ko irailaren 23an hil zen Santa Maria Klinikan, Santiagoko erdigunean, Augusto Pinocheten (1973-1990) agindupeko militarrek Salvador Allende bere lagun eta presidentea indarrez boteretik kanporatu eta hamabi egunera. Haren gorpuzkiak 2013an atera zituzten lurpetik. Besteak beste, Paco Etxeberria auzitegiko medikuak parte hartu zuen lan horietan. Neruda hil egin zuten susmoa dago.

Pablo Neruda olerkari txiletarra, 1963ko irudi batean.
Pablo Neruda olerkari txiletarra, 1963ko irudi batean. (WIKIPEDIA)

Pablo Neruda olerkari txiletarraren izena Ricardo Eliecer Neftali Reyes Basoalto zen. Txileko Parralen sortu zen 1904an eta Santiagon hil, 1973ko irailaren 23an, gaur mende erdi. XX. mendeko gaztelaniazko idazlerik onenetarikoa izan zen. 1971n, Literaturako Nobel Saria irabazi zuen. Politikan ere parte hartu zuen eta errepublikako senadore eta Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide izan zen.

Aita Jose del Carmen Reyes zuen, nekazaritza utzi eta portuan eta tren konpainia batean aritu zen lanean; ama, Rosa Neftali Basoalto, maistra, haurrak hilabete besterik ez zuenean tuberkulosiaz hil zen.

1906an, familia Temucora joan zen. Aita Trinidad Candia Marverderekin ezkondu zen eta mamadre deituko zion Nerudak. Tren bidaia ugari egin zuen haurtzaroan eta natura estimatzen ikasi zuen. Baso, laku, ibai eta mendiek markatu zuten betirako haren poesia. 1917an, lehen artikulua argitaratu zuen ‘La Mañana de Temuco’ egunkarian: ‘Entusiasmo y perseverancia’. Hiri hartan idatzi zituen ‘Crepusculario’ lehen poema liburua osatu zuten lan gehienak.

Pablo Neruda ezizena erabiltzen hasi zen aita ez baitzen eroso sentitzen semea poeta izatearekin. Batzuen iritziz, Jan Neruda poeta txekiarraren deitura hartu zuen ezizentzat; besteen ustez, Wilme Norman-Neruda biolin jotzaileari eskainitako Pablo Sarasateren partitura batean oinarritu zen.

1936ko Gerrak eta laguna zuen Garcia Lorcaren hilketak erabat hunkitu zuten Neruda eta errepublikarren aldeko ahaleginean hasi zen, Estatu espainirrean hasieran eta frantziarrean gero. ‘España en el corazón’ (1937) idatzi zuen. Urte hartan Txilera itzuli eta ondoren sortu zuen poesiak ukitu politiko eta sozial nabaria izan zuen.

1973ko irailaren 23an hil zen Santa Maria Klinikan, Santiagoko erdigunean, Augusto Pinocheten (1973-1990) agindupeko militarrek Salvador Allende bere lagun eta presidentea indarrez boteretik kanporatu eta hamabi egunera. Haren gorpuzkiak 2013an atera zituzten lurpetik. Susmoa dago Neruda hil egin zutela eta Estatuko agenteek esku hartu zutela horretan.

Aurten, haren heriotzaren inguruko txostena entregatu diote perituek epaileari, ikusmin handiaren erdian.