Duela 30 urte hil zen poliziaren eskuetan Xabier Kalparsoro ‘Anuk’, 26 urteko gaztea
‘Anuk’, Xabier Kalparsoro, zumaiarra 1993ko irailaren 26an hil zen Indautxuko polizia etxean. Bertsio ofizialak bere burua leihotik bota zuela badio ere, autopsiak zein berak eskuz idatzitako gutun batek kontrako zantzuak adierazten ditu.
Xabier Kalparsoro, ‘Anuk’, duela 30 urte hil zen, 26 urte zituelarik. Bere atxiloketaren zein heriotzaren inguruko bertsio kontrajarriak daude, «bertsio ofiziala» gezurtatzen duten mediku txostenak eta bere eskuz idatzitako eskutitzak. Jarraiko militantea zen, 17 urterekin atxilotu zuten lehen aldiz, eta erbestean ETAko kide egin zen.
Irailaren 23an atxilotu zuten udaltzainek Durangon, eta bertatik Indautxuko polizia etxera eraman zuten. Polizia etxetik, koma egoeran eraman zuten erietxera «bere burua leihotik behera bota ostean», bertsio ofizialaren arabera. Autopsia egin zion forentsearen txostenaren arabera, Kalparsororen erorketak ezin zuen jauzi baten ondorio izan, inolako inpultsorik gabe leiho ertzetik gertaturiko erorketa bat izan behar zuen. Eta ondorioz, hil egin zutela ondorioztatzen duten beste hainbat ikuspegi daude.
ETAk salatu zuen Kalparsoro poliziak indarrez abuztuan bahitu, drogatu eta torturatu ondoren askatu zuela, eta operazio polizial antolatua izan zela. EGINek argitaratu zuen urriaren 7ko egunkarian Kalparsorok bere eskuz idatzi eta erakundearen zuzendaritzara igorritako eskutitza. Bertan, ‘Anukek’ abuztuan nola atxilotu zuten eta haren arabera atxiloketak iraun bitartean bere onetik atera eta 23 bat egunez erabat galduta eduki zuten; ondoren, egoera berezian askatu zutela kontatzen du eta jazartzen ari zirela konturatu zela: «Zipaioek atxilotu eta drogatu, hipnotizatu, burua jan edo dena delakoa eta berriro ere kalean utzi ninduten. Erabili egin naute eta oraindik ere horretan ari dira (...) ez dakit zein teknika erabili zituzten. Baina ziur nago drogaren bat edo zerbait eman edo egin zidatela. Zergatik? Ziur nago uneren batean galdekatu nindutela, baina ez naiz oroitzen».