GAUR8
Gaur X urte

«Aita ona zara?», Mafaldaren lehen galdera 1964ko binetan

Quino egile argentinarraren pertsonaia ospetsuenaren lehen bineta argitaratu zen gaurko egunez 1964an, “Primera Plana” aldizkarian: Mafalda.

Quinok Mafaldarekin eginiko lehen bineta.
Quinok Mafaldarekin eginiko lehen bineta. (NAIZ)

-Aita ona zara?
-Nik uste dut baietz
-Baina mundu guzti guzti guzti guztiko onen onen onen onena zara?
-Tira, ez dakit agian badago ni baino hobea den aitaren bat
-Suposatzen nuen.

Aitarekin izandako elkarrizketa horrekin hasten zen Quino egile argentinarrak sortutako Mafalda pertsonaiaren lehen bineta. 1964ko irailaren 29an, gaurko egunez. 1973 bitartean argitaratu ziren Mafaldaren istorioak, lehenengo “Primera Plana” aldizkarian; eta ondoren, “Siete Dias Ilustrados” eta “Mundo” egunkari argentinarretan.

Mafalda da pertsonaia nagusia, 5-6 urteko neskatxa bat zen sortu zenean, eta txikia izan arren, helduek izan dezaketen ikuspuntua erakutsi ohi du, Argentinako egoera sozio-politikoa aztertu ohi du ikuspegi zorrotz batetik.

«Idealista utopiko» bezala definitu izan du bere egileak, eta mundu hobe bat egin nahian ibili ohi da bineta guztietan, nahiz eta sarri pentsamendu ezkorrek jaten duten. Argentinako 70.hamarkadako kezkak islatzen ditu.

Egun gazteleratik 30 hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan bada ere, gutxik dakite nondik nora sortu zen Mafalda. Masfield elektrodomestikoaren publizitate kanpaina berri gisa izan zen pentsatua; oharkabean pasatuko zen publizitatea nahi zuten, prentsa idatzian bineta batzuk egin zitzala marrazkigile batek, pertsonaia guztien izenak M letraz hasiko zena eta tarteka elektrodomestikoren bat ateratzea. Frogatu aurretik, ordea, asmoa zabaldu egin zen eta bertan behera geratu zen publizitate kanpaina hori, baina ideia horretarako sortutako familiari buelta bat eman eta aldizkarirako binetak egiten hasi zen Quino.