GAUR8
Gaur X urte

18 atxilotu, Herriraren aurkako Guardia Zibilaren operazioaren ondorio

Herrira eragilearen aurkako polizia operazioa gertatu zen gaur 10 urte, 2013an. Bertan, herrialde guztietako egoitzak miatzeaz gain, 18 lagun atxilotu zituzten. Ondorengo egunetan Euskal Herria elkartasun uholde batean murgildu zen.

Herriraren aurkako polizia operazioa, Hernanin.
Herriraren aurkako polizia operazioa, Hernanin. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

2013ko irailaren 30ean, Herriraren aurkako polizia operazioa abiatu zen. Eloy Velasco epailearen aginduz miatu zituzten Hernaniko, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko egoitzak eta hemezortzi kide atxilotu.

Atxiiloketa-autoan zehaztu zenez, «terrorismoa goratzea» eta «talde armatua integratzea eta finantzatzea» leporatzen zitzaien. Barne Sailak ohar batean adierazi zuenez, Herrira momentu hartan «mobilizatzeko eta gizartea aktibatzeko gaitasun handiena duen talde terroristatik gertu dagoen erakundea» zen, eta sortu zenetik, «Herrirak bere gain hartu ditu, modu integral eta publikoan, Amnistiaren Aldeko Kudeatzaileek historikoki betetzen zituzten finantzaketa-helburu, -egitura, -funtzio, -metodo eta -prozedurak, ikonografia eta komunikazio-sarea», beti ere Barne Sailak adierazitakoaren arabera.

Elkartasun uholdeak hartu zituen kaleak, egunean bertan zein ondorengoetan. Irailaren 30ean liskarrak egon ziren Ertzaintzarekin Hernanin, izan ere kargatu egin zuten, eta Amaiurko senatari Amalur Mendizabal buruan joz zauritu zuten.

Hurrengo egunetarako mobilizazio eta elkartasun keinuak antolatu zituzten Euskal Herrian zehar. Euskal presoen eskubideen eta konponbidearen alde kaleak bete ziren. Bilbon egin zen mobilizazio jendetsuan 65.000 herritar inguru elkartu ziren.