GAUR8

3D inprimaketako eta bioinprimaketako teknologia emergenteak aztertzen dituen liburua plazaratu dute

EHUko ikertzaile talde batek ED inprimaketako eta bioinprimaketako teknologien inguruko ikuspegi emergenteak aztertu dituzte liburu batean. Nabarmendu dute argitalpena «oso erreferentzia ona» dela materialen zientzien eta bioingeniaritzaren arloko profesionalentzat.

Jon Zarate, Laura Saenz del Burgo eta Jose Luis Pedraz ikertzaileak.
Jon Zarate, Laura Saenz del Burgo eta Jose Luis Pedraz ikertzaileak. (Nuria GONZALEZ | EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) NanoBioCel taldeko ikertzaileek 3D inprimaketako eta bioinprimaketako teknologiekin lotutako ikuspegi emergenteak aztertu dituzte ‘3D Printing and Bioprinting for Pharmaceutical and Medical Applications’ izenburuko liburuan.

Azterketak, besteak beste, farmakoen garapenaren, gailu medikoen, biorreaktoreen, medikuntza birsortzailearen eta ehun ingeniaritzaren alorrak aztertzen ditu, eta bioingeniaritzako ikasleentzat, ikertzaileentzat eta profesionalentzat duen erabilgarritasuna nabarmendu dute.

Jose Luis Pedraz Muñoz, Laura Saenz del Burgo Martinez, Gustavo Puras Ochoa eta Jon Zarate Sesma dira EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldeko ikertzaileak, bai eta CIBER BBN eta ICTS Nanbiosis elkarteetako kideak ere, azaldu du EHUk.

‘3D Printing and Bioprinting for Pharmaceutical and Medical Applications’ liburua argitaratu dute teknologia horiei buruzko ikuspegi berriak aztertu ondoren, farmakoen garapenean, gailu medikoetan, biorreaktoreetan, medikuntza birsortzailean eta ehun ingeniaritzan.

Forma farmazeutiko berriak

Aplikazioen, merkatuaren eta arauzko azterketaren ikuspegi orokorra eskaintzen du liburuak, eta 3D inprimaketa eta bioinprimaketa teknologiei buruzko merkatu ikerketak ere aztertzen ditu. Gainera, forma farmazeutiko berrien 3D inprimaketa jorratzen du, terapia pertsonalizatuetarako eta gailu medikoetarako, baita 3D inprimaketak hezteko dituen onurak ere.

Egileen hitzetan, «3D-n egiten den bioinpresioaren teknologiari buruzko liburua da eta hor sartzen dira biotinten garapenerako polimeroen eta matrize deszelularizatuen diseinua, farmakoen ebaluaziorako 3D-n egindako modelatua eta 3D-n egindako bioinpresioa aplikazio muskulueskeletikoetarako, bihotz hodietarako, nerbio sistema zentralerako, begietarako eta azalerako. Aplikazio bakoitzaren arrisku eta onura analisia eskaintzen du eta biorreaktoreak, arauzko gaiak, mugak eta erronkak nabarmentzen ditu».

EHUren arabera, liburua «oso erreferentzia ona» da materialen zientzietako eta bioingeniaritzako ikasleentzat, ikertzaileentzat eta profesionalentzat baita medikuntzako, farmaziako eta osasun arloko industrientzat ere.