GAUR8

Hainbat jarduera antolatu ditu Urdaibai Bird Centerrek Hegazti Migratzaileen Munduko Egunaren harira

Hegaztiei eraztun zientifikoak jartzeko bi saio eta inguru naturala eraberritzeko esku hartzea azaltzeko bisita gidatua egingo ditu Urdaibai Bird Centerrek igandean, hilaren 15ean, Hegazti Migratzaileen Munduko Egunaren harira.

Hegaztien behatokietako bat Urdaibai Bird Centerren.
Hegaztien behatokietako bat Urdaibai Bird Centerren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urdaibai Bird Centerrek ‘Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna’ ospatuko du datorren urriaren 15ean, eraztun zientifikoak jartzeko bi saio antolatu ditu eta ibilaldi gidatu bat egingo du zentroko jarduerak ezagutarazteko.

Hegaztien behatoki eta ikerketa zentroko iturriek jakitera eman dutenez, ‘Funtsezkoa gure planetan bizitzeko’ lelopean egingo da 2023ko Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna.

Hegazti migratzaile gehienak ekosistema urtarren mende daudela gogoratu ondoren, ekosistema urtarrak «gero eta mehatxatuago» daudela azaldu du, horrek gune horien mende dauden hegazti migratzaileetan duen eragina nabarmenduz.

Zehaztu duenez, «gero eta handiagoa den giza ur eskaera, kutsadura eta klima aldaketa eragin zuzena izaten ari dira ur garbiaren eskuragarritasunean eta hegazti migratzaile askoren kontserbazio egoeran».

Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna urtero egiten den sentsibilizazio-kanpaina bat da, eta hegazti migratzaileak eta haien habitatak kontserbatzeko beharra nabarmentzen du. Zentroak gogorarazi duenez, eraztun zientifikoak jartzeko bi saio antolatu ditu, lehenengoa 10.00etan eta 11.00etatik aurrera bigarrena.

Eraztunak jartzeaz gain, ibilaldi gidatu bat eskainiko dute. Bertan, parte hartzaileek Next Generation proiektuaren barruan egiten ari diren ekintza guztiak ezagutzeko aukera izango dute.

Bisita Urdaibai Bird Centerretik abiatuko da, 10.30ean, eta paseatzeko zein eraztunak jartzeko plazak mugatuak dira; beraz, izena eman beharko da Urdaibai Bird Centerren telefonora deituta.

Zentroa 11.00etatik 19.00etara egongo da zabalik. Zentroko behatokitik hegazti migratzaile ugariz goza daiteke, besteak beste, muxarrez, Urdaibain negua igarotzen duen arrano arrantzaleaz, eta baita hegoalderako bidean erdialdea bisitatzen duten mokozabalez ere.