GAUR8

Marrazoen portaera aztertzeko proiektu bat gidatzen ari da Azti

Marrazoek Bizkaiko Golkoan duten portaera aztertzen ari da Azti, zentroak gidatzen duen proiektu baten barruan. Animalien mugimenduak monitorizatzen ari dira, ekosistema babestu eta itsas eta turismo jarduerekin nahi ez diren elkarreraginak saihesteko.

Azti zentroko ikertzailea, marrazoen monitorizaziorako proiektuan.
Azti zentroko ikertzailea, marrazoen monitorizaziorako proiektuan. (AZTI)

Hamalau marrazoren mugimenduak monitorizatzen hasi da Azti Bizkaiko Golkoan, euskal zentroak berak gidatzen duen eta Europako Itsas Funtsaren, Arrantzaren eta Akuikulturaren laguntza eta finantziazioa duen egitasmo baten barruan.

Aztiko iturriek azaldu dute ohar batean marrazo urdinek eta mako marrazoek «eginkizun erabakigarria» dutela Bizkaiko Golkoko ekosisteman. «Hala ere, espezie horiek giza jarduerekin batera egoteak, hala nola arrantzarekin eta turismoarekin nahi ez diren elkarreraginak sor ditzake, ekosistemaren jasangarritasuna aldatzen laguntzen dutenak», zehaztu du.

«Giza jarduera horien eta Golkorako ezinbestekoak diren itsas espezien arteko bizikidetza harmoniatsua» sustatzea da helburua.

Egitasmoaren barruan, marrazoak markatu eta horien portaera-ereduak eta migrazioak aztertuko dituzte. Gakoetako bat marrazoen kokapenaren eta denboraldiaren lehentasunak ulertzea da, horrek aukera emango baitu «espezie horren arrantza-hilkortasuna murrizteko kudeaketa neurriak hartzeko», adierazi du Maite Erauskin-Extramiana Aztiko ikertzailea eta arrantza kudeaketan adituak.

Interes bereziko eremua

Marka konbentzionalak eta satelite-marka sofistikatuak erabiltzen ari dira, esan dutenez. 2024ko otsailetik abuztura bitartean marka horiek ematen duten informazioa jasoko dute, eta horrek «marrazo urdinaren eta mako marrazoaren behin-behineko arrantzaren eragina murrizteko berariazko kudeaketa-neurriak garatzea ahalbidetuko du», aurreratu du ikerketa zentroak.

Elikagaien eta itsas ekosistemen ikerketan zentratuta, zentroak gogoratu du «beste itsas harrapari batzuentzat (atunak, marlinak...) babes neurriak ezarri diren arren», marazoek ez dutela «arreta maila bera izan», eta «ondorioz, haien populazioak nabarmen gutxitu» eta kasu batzuetan marrazo populazio batzuk erabat «kolapsatu» direla.

Bizkaiko Golkoan eta bereziki euskal kostaldean, «ale gazte ugari dago, eta interes bereziko eremua da». Eraskin-Extramiarmak azpimarratu duenez, ekosistemen «osasunaren funtsezko adierazlea da» espezie horien presentzia.

Proiektuak Ekimenak Europako Batasuneko Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsaren laguntza eta finantzaketa du, Laukako Gobernuarekin lankidetzan, baita eskualde honetan interesa duten zenbait alderdiren laguntza ere, hala nola kirol-arrantzarekin, arrantza profesionalarekin eta marrazoak ikuskatzeko enpresekin lotutako eragileak.