GAUR8

‘Euskal Game Jam’: bideojokoak euskaraz sortzeko erronka azaroaren 17tik 19ra

18 urtetik gorako euskal bideojokogileei zuzenduta, ‘Euskal Game Jam’ antolatu dute Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak eta EHUk. Azaroaren 17an hasita, 48 ordu dute euskaraz bideojoko bat sortzeko, banaka edo taldeka.

Euskal Encounter informatika zaleen topaketa ezaguna, artxiboko irudian.
Euskal Encounter informatika zaleen topaketa ezaguna, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak eta EHUk bultzatzen dute ‘Euskal Game Jam’ ekimena. Bideojoko «sortzaile euskaldunak batzeko eta elkar ezagutzeko» espazioa izan nahi du, baita «abileziak agerian uzteko» leiho bat ere.

48 orduko epean eta euskara hutsean bideojoko bat sortzea da planteatzen duten erronka. Sormen prozesua azaroaren 17an hasiko da, 18.00etan, eta bi egun ondoren «proiektuak bukatuta eta itch.io plataforman argitaratuta» izan beharko dituzte parte hartzaileek.

«Bideojokogintzaren munduan horren ezagunak egin diren ‘Game Jam’ ekimenak Euskal Herrira hurbiltzea» da deialdiaren helburuetako bat. Errealitate bati erantzuten dio, azpimarratu dutenez, azken urteetan gero eta gehiago baitira bideojokoaren garapenaren munduan dabiltzan euskaldunak.

«Zoritzarrez, askok ez dute elkar ezagutzeko gunerik. Hori dela eta, ‘Game Jam-arekin’ euskal bideojokogintzako hasiberriak nahiz profesionalak elkartu gura dira, eta, aldi berean, euren gaitasunak ezagutarazi, nahiz elkarrengandik ikasteko espazioa eraiki», azaldu dutenez.

18 urtetik gorako bideojokogileentzat

Dagoeneko zabalik dago ‘Euskal Game Jam-aren’ lehen edizioan izena emateko epea www.gamerauntsia.eus webgunean. Baldintzei dagokienez, 18 urtetik gorakoa izatea eta «bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak» izatea eskatzen du deialdiak.

Bakarka eta taldeka parte hartzeko aukera dago, gehienez bost kideko taldeetan, eta hizkuntzari dagokionez, euskara hutsean egingo da ekimena eta talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakin behar dutela zehaztu dute.

Atal teknikoan, partaideek beren ordenagailuak eta tresnak erabiliko dituzte, eta berdin «jokoaren baliabideekin edo asset-ekin: proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak eta abar norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izan behar dira».

Euskal Game Jamerako aproposak izan daitezkeen baliabideen eta tresnen zerrenda eskaini dute antolatzaileek webgunean, eta erantsi dutenez, bestelako erremintak ere erabil daitezkeela, «aipatutako ezaugarriak betetzen badituzte».

Ekimena kudeatzeko ‘itch.io’ bidoejoko palataforma erabiliko da, eta bertan irekitako atal berezira igo behar dituzte lanak. Publikoak bertatik deskargatzeko ahal izango ditu.

Deialdiari begirako zenbait hitzaldi antolatu dituzte, gainera, Bilboko Bizkaia Aretoan, ‘Game Jamean’ parte hartzeko ideiak eman eta euskal sortzaileak ezagutzeko.