GAUR8
Gaur X urte

Gaur 64 urte jaio zen Mari Luz Esteban, antropologia feministan erreferentea

1959ko azaroaren 1ean Mari Luz Esteban jaio zen. Gaur, erreferentea da antropologia feministan.

Mari Luz Esteban «Haragizko erreformak» lanaren aurkezpenean.
Mari Luz Esteban «Haragizko erreformak» lanaren aurkezpenean. (Maialen Andres | FOKU)

Mari Luz Esteban Gizarte Antropologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHUn), eta erreferentea antropologia feministaren arloan. Gaur 64 urte jaio zen, 1959an.

Medikuntza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta familia-plangintzako mediku gisa lan egin zuen zenbait urtez. Baina, hori baino lehen, ‘Argia’ aldizkariarekin izandako solasaldi batean kontatu zuenez, feminismoan «sartu» zen, hortik sekula ez ateratzeko. 1977an gertatu zen, Leioan egin ziren Euskal Herriko lehenengo Jardunaldi Feministetan.

Bere ibilbide akademiko nahiz pertsonala gidatu du Estebanek feminismotik. 1993an, Bartzelonako Unibertsitatean osasunaren eta generoaren arloko doktore-tesia egin zuen, eta antropologiara eraman zuen horrek. Orain, jada, 25 urte metatu ditu EHUn ikasle eta ikertzaile gisa. Ikasketa Feministak eta Generokoak Doktorego Programa eta AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldea koordinatzen ditu egun. Mugimendu feministako kidea ere bada, eta Basauriko Marienea Emakumeen Etxeko kide aktiboa.

Esperientzia horretan metatu dituen lanekin, antropologia feministan erreferente bilakatu da Mari Luz Esteban. Besteak beste, ondoko ikerketa lerroak landu ditu basauriarrak: osasuna eta generoa, genero ezberdintasunak, genero-identitateak eta harremanak, entografia feministak, maitasuna eta emozioak. Saiakeraz besteko liburuak ere ondu ditu, kasurako, ‘Andrezaharraren manifestua’ eta ‘Haragizko erreformak’ poesia liburuak.