GAUR8

Enplegu Azoka egingo dute 22an, Arabako Lanbide Heziketako Enplegagarritasun Jardunaldien barruan

‘LH ON LH’ lemapean, Arabako Lanbide Heziketako Enplegagarritasun Jardunaldiak egingo dira Europa Jauregian, azaroaren 21ean eta 22an. Bi kolektibori zuzenduta daude: ikasleei, batez ere lan orientazioari buruzko jarduerekin; eta Lanbide Heziketako tituludunei, lehentasunez enplegua bilatzeko egoeran daudenei, Enplegu Azokaren bitartez, enpresekin harremanetan jartzeko aukera eskainiz.

Lanbide Heziketako ikasle bat tallerrean lanean, artxiboko irudian.
Lanbide Heziketako ikasle bat tallerrean lanean, artxiboko irudian. (GAUR8)

Arabako Lanbide Heziketako Enplegagarritasun Jardunaldiak egingo dira Gasteizko Europa Biltzar Jauregian azaroaren 21ean eta 22an, ‘LH ON LH’ lelopean. Alde batetik, Lanbide Heziketako (LH) ikasleen etorkizuneko enplegagarritasuna hobetzea da ekimenaren xedea, eta, bestetik, enplegua hobetu nahi duten LHko tituludunen laneratzeko aukerak hobetzea.

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazio Sailak antolatzen ditu jardunaldiak, Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren eta Ikaslan Araba eta Hetel Euskadiko LHko ikastetxeen sareen babesarekin.

Zehazkiago, azaroaren 21ean Arabako ikastetxeetako LHko ikasleei zuzenduko da, lan orientazioa ardatz duten jarduerekin, batez ere tailerrak; eta azaroaren 22an, Enplegu Azoka egingo da LHko tituludunei eta lehentasunez enplegua bilatzeko egoeran daudenei zuzenduta, Arabako enpresekin biltzeko aukera emanez.

Izena emateko epea

Enplegu Azokan parte hartzeko izena emateko epea azaroaren 16ra arte egongo da zabalik www.fpalava.com webgunearen bidez.

Hainbat gairen artean, kurrikuluma, norberaren ezagutza eta motibazioa edota euskarazko lan ataria izango dituzte hizpide hilaren 21ean, 9.30ean abiatuko den jardunaldian.

Enplegu Azoka, bestalde, arratsaldez egingo da, hilaren 22an, 16.00etatik 19.00etara.