GAUR8

Klima aldaketak ez dio itsas energia berriztagarrien produkzioari eragingo, EHUren ikerketa baten arabera

Klima aldaketak hemendik 2100 urtera arte itsas energia berriztagarrien produkzioan izango duen eragina aztertu du EHUko Eolo ikertaldeak, haizean edota olatuetan, eta ondorioz, atmosferan eta ozeanoen portaeran, izan daitezkeen aldaketak kontuan hartuz. 

Olatu handiko denboralea euskal kostaldean, artxiboko irudian.
Olatu handiko denboralea euskal kostaldean, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA)

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Eolo ikertaldeak klima aldaketa eta itsas energia berriztagarrien produkzioaren arteko harremana aztertu du eta ondorioztatu du ez dela kalte handirik egongo, «2100. urtera arte behintzat».

‘Nature-Scientific Reports’ aldizkarian argitaratu da azterlana, eta horren arabera «modu egokian jarraitu ahal izango da gure itsasertz eta ozeanoetako energia baliabide berriztagarriak eraginkorki ustiatzen». Horrek «emisioak gutxitzen eta ekonomia deskarbonizatzeko helburuan» lagunduko duela zehaztu dute.

EHUk nabarmendu du ohar batean klima aldaketaren eta itsas energia berriztagarrien inguruan egin den lehen ikerlana dela. Azaldu duenez, «tenperatura igotzeaz gain, berotegi efektuko gasen kontzentrazioa handitzeak aldatu egiten du atmosferaren eta ozeanoen portaera, eta horregatik, klima larrialditzat hartzen den testuinguru batean, oso garrantzitsua da zehaztea zer ondorio izango dituen beroketa globalak mende amaieran energia iturri berriztagarri gisa erabilitako haizean eta olatuetan».

Agertoki horren aurrean, erantzun zientifikoa bilatu nahi izan dute Eolo taldeko ikertzaileek. Zerumuga 2100 urtean jarrita, haizetik eta olatuetatik lortzea espero duen elektrizitate-kantitatearen bilakaera aztertu dute, baita energia iturri horiek aprobetxatzeko gailuak ezar daitezkeen itsas eremuetan. Ikerketan, aurreikusitako klima egoeren azken proiekzioak eta arlo horretan nazioarteko ahalegin zientifikoak koordinatzeaz arduratzen den NBE erakundea hartu dituzte kontuan.

Estatu espainola

Ondorioztatutakoaren arabera, mende amaierara arte Estatu espainolean «ez da aldaketarik egongo instalazio berriztagarriak teknikoki bideragarriak diren itsas eremuetan lortutako elektrizitate kantitatean».

«Murrizketa handiak egongo badira ere itsas industria eolikoan eginiko inbertsioetan, aldaketa txiki horiek ez dute arriskuan jarriko haien bideragarritasun tekniko-ekonomikoa». Izan ere, datozen hamarkadetan horrelako instalazioak nabarmen areagotzea espero dela azadu dute ikertzaileek.

«Ikerketak egin duen erradiografia globalaren emaitza ia estatikoa da, eta leku gutxi batzuetan bakarrik espero dira aldaketak olatuetan, garrantzi gutxikoak gainera, energia eolikoaren potentzialean bezala», erantsi dutenez.