GAUR8

Alokairuko babes ofizialeko 24 etxebizitza eraikitzeko lanak hasi dira Sopelan

Babeseko 24 etxebizitza eraikitzeko lanak hasi dira Sopelan. Alokairuko pisuak dira, energetikoki jasangarriak eta eguneko zentro bat izango dute beheko solairuan. Esleipen prozesua Etxebideren bidez egingo da. Interesa dutenei izen-ematea lehenbailen egiteko gomendatu die Udalak.

Alokairuko etxebizitzen eraikinaren zirriborroa, irudian.
Alokairuko etxebizitzen eraikinaren zirriborroa, irudian. (Sopelako Udala)

Visesa, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko eta birgaitze-berrikuntzarako Lakuako Gobernuko sozietate publikoak sustatzen du Sopelan eraikiko diren 24 pisu babestuen proiektua. Etxebizitza berriak Loiola aldean altxatuko dira, eta 3,14 milioi euroko inbertsioa suposatzen dute. Udalak ohar bidez azaldu ditu proiektuaren ezaugarriak eta zehaztu du «eraikinak ingurunean integratu» eta beheko solairua gehi hiru solairu izango dituztela.

Altuera bakoitzak zazpi etxebizitza izango ditu, «bat, bi eta hiru gela artekoak, ete etxebizitza egokitu bat» egingo da beheko solairuetan. Proiektua gauzatzeko, lur zatia eta haren eraikigarritasuna lagako ditu Udalak, eta «sozietate publikoak, berriz, udalaren jabetzakoa izango den lokal bat eraikiko du bertan, eguneko zentro berri bat sortzeko».

Proiektuaren ezaugarriei dagokienez, udal iturriek zehaztu dute berdegune bat edo aparkaleku bat jartzea komeni den zehaztu behar dela. Eraikinak garaje propioa izango du, partzela banarekin etxebizitza bakoitzeko.

Energetikoki jasangarriak

Udalak nabarmendu du, bestalde, energetikoki jasangarriak izango direla etxebizitza guztiak, «Visesaren sustapenetan ohikoa den bezala». Fatxada aireztatua, isolamendu termikoa, plaka fotovoltaikoak edota aireztapen-sistema mekanikoa izango dira etxebizitzek izango dituzten sistemeteko batzuk. Hori guztia, energia-kontsumoa murrizteko helburuarekin eta iraunkortasun-irizpideekin bat etorriz –azpimarratu dute– proiektua Next Generation Funtsen bidez finantzatuko baita.

Eraikina 2025eko ekainerako amaituta egotea aurreikusten da.
Esleipen-prozesua Etxebideren bidez egingo da, eta beraz, beharrezkoa da eskabidea aurkeztea. Horregatik, interesa duten sopeloztarrei lehenbailehen Etxebiden izena emateko gomendioa nabarmendu du Udalak, «sisteman alta emateko unea kontuan hartuko baita etxebizitzak esleitzerakoan».