GAUR8

Hiri osasungarriak protagonistak, ‘Zarautzen Zientziaz Blai’ topaketan

Ingurune osasungarriak sortzeko erronka, zientzia ezberdinen arteko elkarlana eta herriko ikertzaile gazteen begirada uztartuko dituen topaketa antolatu du ZarautzOn Elkarteak astearterako, Modelo Aretoan.

Modelo Aretoan izango da topaketa, 19.00etan.
Modelo Aretoan izango da topaketa, 19.00etan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Zarautzen Zientziaz Blai’ topaketa egingo dute asteartean, ZarautzOn Elkarteak antolatuta. Bi ardatz izango ditu ekimenak: «gure herri eta hirietan aurrez aurre ditugun erronkak» eta «ingurune osasungarriak, jasangarriak eta pertsonekiko lagunkoiak» eraikitzeko zientziak jokatu behar duen papera.

Izan ere, zientzia ezberdinen arteko elkarlana nabarmendu nahi du elkarteak, «pertsonen eta komunitatearen zerbitzura egongo den habitat jasangarriago bat» lortzeko bidean, eta herriko hiru ikertzaile eta profesional gazte bilduko ditu agertoki horri begira jartzeko.

Miren Juaristi arkitektoa eta Arkitektutako Ingurumen eta Teknologia Diseinuan doktorea, Harbil Arregi Martiarena EHUko Telekomunikazio ingeniaria eta informatika ingeniaritzako doktorea, Iñigo Ocamica Berbois Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan graduatuta eta Gradu Amaierako Aparteko Saria eta Karrera Amaierako Kutxa Saria eskuratu dituena, eta Ula Iruretagoiena Busturia arkitekturan doktorea eta hiriegilea izango dira solasaldian, Modelo Aretoan, 19.00etatik aurrera.

Juaristik, Arregik eta Ocamicak «eraikuntza jasangarriekin, mugikortasun berdearekin eta biztanleentzako zentzuzko eta arimazko hiri diseinua zerikusia duten proiektuak» azalduko dituzte.

Iruretagoiena EHUko Arkitektura Eskolako irakaslea eta GARAren eta Argia-ren ohiko kolaboratzaileak itxiko du ekitaldia.