GAUR8

Birziklapena bultzatzeko kanpaina abaiarazi dute Uribe Kostako zazpi eskolatan

Birziklapena sustatzeko kanpaina jarri dute abian Uribe Kostan, bereziki Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua. Zazpi ikastetxetara eramango dute mezua eta ekimenari amaiera emateko, hondakinen biltze kolektiboa egingo dute Plentzian, azaroaren 26an.

Uribe Kostan egingo duten kanpaina iragartzen duen kartela.
Uribe Kostan egingo duten kanpaina iragartzen duen kartela. (Uribe Kostako Mankomunitatea)

‘Eskualdeko Birzi Taldea’-k Uribe Kostako zazpi ikastetxe bisitatuko ditu hurrengo egunetan, ikasleen artean birziklatzea bultzatu eta kontzientziatzeko. Ekimena, azaroaren 18tik 23ra ospatzen den Europako Hondakinen Astearen barruan dago.

Kanpainaren protagonista nagusia ‘Birzi’ da, hondakinen superheroiez osatutako taldea. Zaborren bereizketan bezala, «organikoa, papera, beira eta ontzien» edukiontzen koloreekin jantzitako pertsonaiek osatzen dute taldea.

Asteazkenetik aurrera eta azaroaren 21era arte, eskualdeko zazpi eskoletan egongo da taldea, Lehen Hezkuntzako 1, 2, 3 eta 4. mailako ikasleekin, birziklapena sustatzeko.

Hondakinen bilketa kolektiboa

Azaroaren 26an, bestalde, kontzientziazio kanpainari amaiera emateko, Plentziako udaletxe inguruan eta itsasadarraren pasealekutik hondakinak biltzeko auzolana egingo dute.

Goizeko 11.00etan hasiko da ekitaldia, eta 13.30ak arte luzatuko da. Egun horretan, eskoletako familiez gain herritarrak ere gonbidatuko dituzte ekimenean parte hartzera.

Ander Deuna Ikastolak, Zipiriñe Eskolak, Berango Meranak, Elorza Ikastetxeak, Gorlizko Ikastetxeak, Plentziako eta Lemoizko Ikastetxeek hartzen dute parte Uribe Kostako Mankomunitateko Ekogunetik bultzatutako ekimenean.