GAUR8

Heldu da lehen ‘Euskal Game Jam’-a: 48 ordu bideojoko bat sortzeko, ostiralean hasita

Ostiralean, 18.00etan hasiko da lehenengo ‘Euskal Game Jam’-aren atzerako kontaketa. Igandeko 18.00ak arte, 48 ordu dituzte erronkan parte hartu nahi duten bideojoko sortzaileek euskarazko bideojoko bat garatu eta itch.io plataformara igotzeko.

Euskarazko bideojoko bat garatzea da erronka. Irudian, Euskal Encounter ekitaldiaren azken edizioa.
Euskarazko bideojoko bat garatzea da erronka. Irudian, Euskal Encounter ekitaldiaren azken edizioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bideojoko sortzaile euskaldun hasiberriei zein profesionalei zuzenduta dago Euskal Game Jam ekimena, Game Erauntsia Elkarteak Zomorro Studiorekin eta EHUrekin elkarlanean antolatuta.

Erronka hurrengo ostiralean hasiko da 18.00etan. 48 ordutan, sormen prozesua garatu eta igandean (hilak 19), «proiektuak bukatuta eta itch.io plataforman argitaratuta izan beharko dituzte».

Ekimenerako izen ematea abian da. Bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak dituzten 18 urtetik gorako lagunentzako da deialdia. Aurrez aurre zein online parte har daiteke, bakarka zein taldeka, baina gehienez bost pertsonakoak izan behar dira.

Ekimen fisikoa EHUko Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da, eta abiatu aurretik antolatzaileek hautatutako gai orokorra zehaztuko dute. «Hau partaide guztiei helaraziko zaie, eta bideojokoa horren inguruan sortu beharko dute», oinarrien arabera.

Behin bideojokoak sortuta, gainerako sortzaileen lanak probatzeko aukera egongo da, baita interesgarrienak bozkatzeko ere.

Hiru kategoria nagusi daude: aurkezpen orokorra, originaltasuna eta dibertigarritasuna. Bozketa azaroaren 26an, 18.00etan itxiko da. Zehaztu dutenez, bozketa epea bukatuta jokoa moldatzen jarrai daiteke baina ez aurretik.