GAUR8

Ingurune digitaletan irisgarriak diren edukiak sortzen irakasteko online ikastaroa eskaini dute

Ingurune digital irisgarriagoak lortzeko ekimena jarri dute abian, azaroaren 27an hasiko den online ikastaro baten bidez. Irisgarritasun unibertsala, erabilgarritasuna eta aniztasuna kontzeptuen inguruko azterketa planteatzen dute.

Ikastaroa iragartzen duen kartela, irudian.
Ikastaroa iragartzen duen kartela, irudian. (Asmoz Fundazioa)

«Ingurune digitaletan irisgarriak diren edukiak nola sortu» irakatsiko duen ikastaroa plazaratu du Aptes enpresak Asmoz Fundazioaren kolaborazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Hurrengo astelehenean, azaroaren 27an, hasi eta abenduaren 22an amaituko da ikastaroa. Hamabost ordu izango ditu guztira, eta online formatuan eskainiko dute. «Aniztasuna, irisgarritasun unibertsala, erabilgarritasuna eta ezgaitasuna bezalako kontzeptu giltzarriak aztertzea» eta horien inguruko hizkera komuna sortzea dira helburuak.

Irisgarritasuna hobetzeko teknikak

Era berean, antolatzaileek nabarmendu dituzten helburuen artean, ezgaitasun ezberdinak dituzten pertsonak ingurune digitaletako edukietara sartzen direla erakustea dago, baita dokumentu digital irisgarriak (Word eta PDF) nola egin eta balidatu jakitea ere.

Horrekin batera, bestalde, «argitalpenak sortu eta kudeatzeko irisgarritasun teknikak eta gomendioak aplikatzea» da zehaztutako beste eginkizunetako bat.

Azaldu dutenez, ekimenean webguneen irisgarritasuna aztertuko dute, hainbat ezaugarri dituzten erabiltzaileen esperientziaren ikuspegitik, eta komunikazio inklusiboa lantzeko irisgarritasun-jarraibideak ere jorratuko dituzte.