GAUR8

‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren sariak banatu dituzte Zarautzen

Euskararentzat arnasgune diren udalerrietako ikasleei zuzendutako ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketak sariak banatu ditu Zarautzen. Idiazabal, Azkoitia, Ataun eta Doneztebeko ikasleak daude saridunen artean, parte hartze marka berria ezarri duen edizioan.

‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren irabazleak Zarautzen.
‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren irabazleak Zarautzen. (Arnasa Gara)

Aurreko edizioko parte hartze marka gainditu ondoren, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Lakuako eta Nafarroako gobernuak bultzatutako ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketak sariak banatu ditu aste honetan Zarautzen. Asteazkenean izan zen ekitaldia, Modelo Aretoan, Nahia Sillero aktoreak aurkeztuta.

Deñe musikariaren emanaldia ere izan zen hainbat ikastetxetako ikasleak bildu zituen galan. Izan ere, 112 lan aurkeztu dira udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako lehiaketaren edizio honetara, eta Idiazabal, Azkoitia, Ataun eta Doneztebeko gazteak izan dira kategoria ezberdinetako irabazleak.

Arnasa Gara egitasmoak antolatutako ekimenean, euskararen ezagutza eta erabilera maila altuak dituzten udalerrietako ikasleek hartu dute parte, ‘arnasgune’ horiek hizkuntza biziberritzeko duten garrantzia islatuz, «transmisioa ziurtatu eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako».

Adinaren araberako hiru kategoria

Adinaren araberako hiru kategoria ditu lehiaketak: Lehen Hezkuntzako (LH) 5 eta 6. mailako ikasleentzat bat, DBH 1 eta 2. mailakoentzako beste bat, eta DBHko 3 eta 4. mailakoentzat hirugarrena.

Samaniego ikastetxeko ikasleak (Tolosa-Idiazabal) izan dira LHko 5 eta 6. mailako kategorian irabazleak, ‘Euskara ikasteko gomendioak’ lanarekin. DBHko 1 eta 2. mailako kategorian, Azkoitia BHIko ikasleen ‘Azkoitxiko epaitegia’ lanak eskuratu du saria, eta DBHko 3 eta 4. mailako ikasleentzako sailean, Beasain BHIko ikasleak izan dira irabazleak ‘New Yorketik Euskal Herrira’ lanagatik.

Bestalde, Doneztebeko Mendaur BHI Ikastetxeko ikasleen ‘Joaldunak’ lanak publikoaren saria eskuratu du, 1.600 lagunen parte hartzea izan duen Internet bidezko bozketan.

Ekimena babesten duen Zarauzko Udalak herriko beste hiru lan saritu ditu: La Salle Zarautz ikastetxeko ikasleen ‘Sentitu, pentsatu, egin’ eta ‘Xanduli Manduli’ bideoak, eta Salbatore Mitxelena Ikastolaren ‘Zarauzko kasta’.