GAUR8

‘Zinema arkeologikoko arratsaldeak’ hilaren 30era arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan

Bidasoako Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdian saritutako filmak Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoan ikusi ahal izango dira egun hauetan. Gaurkoa, saria eskuratu duen Javier Truebaren ‘Historia de una nekropolis’ filmaren arratsaldea da. Sarrera doakoa da.

Irulegiko aurkikuntzaren inguruko dokumentala dago programazioan, 30erako.
Irulegiko aurkikuntzaren inguruko dokumentala dago programazioan, 30erako. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bizkaiko Arkeologi Museoak eta Irungo Olasso Museoak antolatuta, ‘Zinema arkeologikoko arratsaldeak’ ospatuko dira egun hauetan. Emanaldiak atzo hasi ziren, eta gaur (hilak 22), 28an, 29an eta 30ean izango dira, 19.00etan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Aretoko ekitaldi arteoan.

Bidasoako Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiaren XXIII. edizioko film irabazleak proiektatuko dira, Bizkaiko Museoak hautatutako beste bi dokumentalarekin batera.

Hortaz, Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi duen filma, publikoaren sari berezia jaso duena, zientzia-dibulgazioaren Arkeolan saria irabazi duena eta hezkuntza-sailean saritu dena izango dira aurtengo ‘Zinema arkeologikoko arratsaldeen’ izar nagusiak.

Sari nagusia eskuratu duen ‘Téviec, muerte en el mesolito’ filmak zabaldu zuen atzo programazioa. Gaur arratsaldean, ikusleen sari berezia eskuratu duen Javier Truebaren ‘Historia de una nekropolis’ filma proiektatuko da, eta 28an, dibulgazio zientifikoaren Arkeolan saria irabazi duen Alexis de Favitski & Pierre Stineren ‘Vikingos, el reino perdido’ filmaren txanda izango da.

Bestalde, Arkeologi Museoak ‘Neandertal, tras los pasos de otra humanidad’ aukeratu eta David Geofroyk zuzendutako filma azaroaren 29an proiektatuko da.

Irulegiko eskua

Arkeologi Museoak ‘La mano de Irulegi’ dokumentala ere aukeratu du. Azken hau azaroaren 30ean proiektatuko da, ‘Huellas romanas bajo los pies’ izeneko hezkuntza saileko film irabazlearekin batera.

Zinema arkeologikoaren arratsalderako sarrera doakoa da, eta filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, gaztelaniazko azpitituluekin, hizkuntza ofizialetan ekoitzitakoak izan ezik.