Gaur X urte

Gaurko egunez hil zen Fidel Castro Kubako Iraultzako buruzagia, orain dela zazpi urte

2016ko azaroaren 25ean hil zen Fidel Castro Kubako agintari gorena, osasun arazoak zituela-eta. Castro Kubako Iraultzako ikur nagusienetako bat izan zen, Che Guevara eta bere anaia Raul Castrorekin batera. Marxista zen, eta Amerikako lehen gobernu sozialista sortu zuen.

Fidel Castro garaiko irudi batean.
Fidel Castro garaiko irudi batean. (Wikipedia)

2016ko azaroaren 25ean Fidel Castro Kubako agintari gorena hil zen; gaur zazpi urte pasatu dira geroztik. Castro Kubako Iraultzako ikur nagusienetako bat izan zen, Che Guevara eta bere anaia Raul Castrorekin batera. 1959ko urtarrilaren 1ean izan zen egun erabakigarria, matxinoak Fidel Castro buru zutela, Habanan sartu zirenean, eta Fulgencio Batista diktadorea agintetik bota zutenean.

1961ean gobernu iraultzaileak bere burua marxismoaren jarraitzaile gisara definitu zuen, eta Amerika osoko lehen gobernu sozialista sortu zuten. 1976. urtera arte lehen ministro kargua izan zuen; urte hartako konstituzio berriarekin, Estatuko Kontseilariaren eta Ministro Kontseiluaren lehendakari izendatu zuten.

Horrez gain, 1965ean Kubako Alderdi Komunista sortu zenetik, lehen idazkariaren kargua bete zuen.

Bere figuran, iritzi kontrajarriak

Fidel Castroren figurak aldeko eta kontrako jarrera oso kontrajarriak izan ohi ditu. Haren jarraitzaileek desberdintasun sozialak desagertzeko bultzatu zituen neurriengatik goraipatzen dute: Kubako Gobernuak osasun, kirol eta hezkuntzaren onurak jendarte osora hedatzeko ahaleginak egin zituen, eta AEBak buruzagi zuen nazioarteko politika ereduaren aurrean, beste muturrean mantendu zen beti.

Aldiz, haren etsaiek, komunismo sobietarraren erako alderdi bakarreko sistema kritikatzen dute, bai eta giza eskubideak urratzea ere.

2006ko abuztuaren 1etik, osasun arazoak zituela-eta, bere eginkizunak anaia Raul Castroren esku utzi zituen, eta 2008ko otsailaren 18an presidente izateari uko egin zion. Haren lekua bere anaiak hartu zuen. 2016ko azaroaren 25ean Fidel Castro osasun arazo horien ondorioz hil zen.