GAUR8
Gaur X urte

Duela 25 urte hil zuten Aitor Zabaleta Madrilen

Realeko jarraitzailea zen Aitor Zabaleta, eta UEFAko partida bat ikustera Madrilera joan eta talde faxista batek eraso egin ondoren hil zen, bihotzean emandako labankada batez.

Aitor Zabaletaren aldeko mobilizazioa.
Aitor Zabaletaren aldeko mobilizazioa. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Aitor Zabaleta duela 25 urte hil zuten Madrilen, baina Euskal Herrian oraindik ere oso presente dagoen herritarra da. Real Rociedad futbol taldearen jarraitzailea zen, eta labankadaz hil zuten 28 urte zituela, Madrilen, Vicente Calderon joko-zelaiaren inguruetan.

UEFAko txapelketaren barruan Atletico-Madridek Realaren aurka jokatzen zuen, eta partida baino lehenago ‘Bastion 1903’ faxista taldeak Realaren jarraitzaileen aurka indarkeriaz jo zuen, eta zenbait ultrak Zabaleta inguratu eta labankadaz zauritu zuten bihotzean. Madrilgo La Paz ospitalean hil zen hurrengo egunean.

‘Bastion 1903’ taldeko Ricardo Guerra izen zen Zabaleta labankadaz hil zuena gerora egindako epaiketaren arabera, eta bera izan zen kondenatutako taldekide bakarra. 17 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, nahiz eta duela urte batzuetatik kalean dagoen baimenei esker.

Izar peñarekin joan zen Zabaleta Madrilera, eta berarekin batera bidaiatu zuten hiru kide elkarrizketatzeko aukera izan zuen NAIZ hedabideak duela bost bat urte, bertan 30 ultrek baino gehiagok erasotu zietela kontatzen dute. Eta baita hurrengo urteetan jasan izan dituzten mehatxu eta irainak ere kontatu zituzten.

‘Bultzada’ taldeak, Aitorren hilketaren 25. urteurrena gogoratzeko asmoz, bideo bat kaleratu zuen, ‘Memoria dugulako, memoria garelako’. Urteurrenarekin batera bestelako zenbait ekimen ere antolatuko direla aurreratu zuten.