GAUR8

Leihotikan eta Blister Sun taldeen kontzertua Mungirocken 8. urtemugan

Leihotikan talde iruindarra eta Mungiako Blister Sun egongo dira larunbatean Mungirocken, entsegu lokal horien zortzigarren urteurrenaren ospakizunaren barruan. Kontzertua 20.30ean hasiko da.

Leihotikan talde iruindarra gonbidatu dute Blister Sun mungiarrekin batera.
Leihotikan talde iruindarra gonbidatu dute Blister Sun mungiarrekin batera. (Iñigo URIZ | FOKU)

Azken Zarata Mungia Rock elkarteak eta Udalak antolatuta, Leihotikan eta Blister Sun taldeak igoko dira oholtzara larunbatean Mungian, Mungirocken 8. urteurrena ospatzeko.

Blister Sun talde mungiarrak zabalduko du kontzertua 20.30ean. Udal iturriek zehaztu dutenez, «kalitatez beteriko kontzertua eskainiko dute, mota guztietako bertsioekin». Leihotikan talde iruindarraren txanda izango da ondoren, 30 urte baino gehiagoko esperientzia duen punk rock talde handi batekin gozatzeko.

Ospakizun handia izango da gazteentzat eta ez hain gazteentzat, Bakarne Egia Mungiako zinegotziaren esanetan. Urtemugaren harira nabarmendu du, gainera, Mungirock «musika-estilo guztietako kontzertuen erreferente bihurtu» dela, «sortzen ari diren taldeena, bai tokikoena, bai nazioartekoenena». Horrekin lotuta, gogoratu du Mungirockeko eszenatokitik, besteak beste, Belako, Lukiek, Leun, Wicked Wizzard, Song of Annubis eta XXL taldeak igaro direla.

Izena emateko epea, 15era arte

Entsegu lokalen garrantzia ere azpimarratu dute udal iturriek. Zehaztu dutenez, erreferente bat dira 2015ean ateak ireki zituenetik, «eta gaur egun lokalak zortzi talde ditu, horietako bi berriak».

Entseatzeko plazak mugatuak dira, eta horregatik, urtero berrizten ditu Udalak talde guztiei aukera emateko. Eskaera aurkezteko epea zabalik dago hilaren 15era arte, eta Gazte Informazio Bulegoan egin daiteke, azaldu dutenez.