GAUR8

Puntako sei bertsolari igoko dira oholtzara Galdakaon, 23ko jaialdian

Gabonetako ohiko bertso jaialdia egingo dute abenduaren 23an Galdakaon, maila handiko sei bertsolarirekin: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina. Arkaitz Estiballes galdakoztarra gai jartzailea izango da.

Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina, irudian.
Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina, irudian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Galdakaon antolatu ohi duten Gabonen inguruko bertso jaialdia abenduaren 23an izango da, Torrezabal kultur etxean. Puntako sei bertsolari bilduko ditu Arkaitz Estiballesen aginduetara.

Galdakaoko Udalak ohar bidez iragarri ditu hurrengo 23rako antolatutako bertso jaialdiaren kartelak dakartzan izenak. Nabarmendu duenez, momentuko bertsolari onenetakoak bilduko ditu ekitaldiak.

Hiru emakumezko eta hiru gizonezko izango dira: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina.

Izan ere, hurrengo larunbatean ospatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean egongo dira Galdakaon egongo diren bertsolari batzuk, zehazki Nerea Ibarzabal, Jone Uria eta Xabat Galletebeitia.

Jaialdia herriko hirigunean izango da, Torrezabal kultur zentroan, arratsaldeko 19.30ean hasita. Gai jartzaile lanetan Arkaitz Estiballes galdakoztarra arituko da.

Sarrerak salgai

Sarrerak gaur jarri dira salgai, sei euroren truke. Udal iturriek zehaztu dute, halere, 4,5 euro ordainduko dutela kultur etxeko bazkideek eta bosna euro langabetuek, 65 urtetik gorakoek, gazte txartela dutenek edo hamar lagun baino gehiagoko taldeek. Hamahiru urtera arteko haurren sarrerak, bestalde, lau euroan salduko dira.