GAUR8
Gaur X urte

Simon Bolivar hil zen eguna, 1830ean

"Askatzailea" ezizenez ezaguna eta Latinoamerikako herrialdeak Espainiar Inperiotik independentzia lortzeko prozesuaren bultzatzaile nagusia. Besteak beste Venezuela, Kolonbia eta Boliviako presidentea izan zen.

Simon Bolivarren erretratua.
Simon Bolivarren erretratua. (Jose TORO MORENO | WIKIPEDIA)

1830eko abenduaren 17an hil zen 47 urterekin Simon Bolivar, "Askatzailea" ezizenez ezaguna eta Latinoamerikako herrialdeak Espainiar Inperiotik independentzia lortzeko prozesuaren bultzatzaile nagusia izan zena. Besteak beste Venezuela, Kolonbia eta Boliviako presidentea izan zen.

Bolivarren sendia Bizkaiko Ziortza-Bolibar izeneko herrixkatik zetorren, garai hartan, Markinako merindadeari zegokiona. Venezuelara iritsi zen lehenengoak ere Simon izena zuen, 1589 inguruan, eta Felipe II.aren pribilegio berezi bati esker, Errege Kontadorea izan zen.

Palacios familia, berriz, Miranda de Ebrotik zetorren, gaurko Burgosen. Venezuelara iritsi zen familia honetako lehenengoa Jose Palacios de Aguirre izan zen, 1647an.

Simon Bolivar ezagunena Caracasen jaio zen, Venezuelan, 1783 uztailaren 24ko gauean, Bolibar-Jauregi bizkaitar jatorriko familia venezuelar aberatsaren baitan.

Europara egindako bidaia desberdinetan Hego Amerikako herrialdeek zuten independentzia beharra indartzen joan zen bere buruan, eta bere ahaleginak helburu horretara zuzentzea erabaki zuen 1806an Venezuelara itzuli zenetik.

1813an, Askatzailea titulua eman zioten Meridako kabildoan, Venezuelan eta, urte berean Caracasen ere gauza bera egin ziotenean, titulu hura izenari lotuta geratu zitzaion betirako.

Kolonbia Handiaren sorreran parte hartu zuen eta gidatu behar zuen Ameriketako konfederazio politiko eta militar handia indartzeko ahaleginetan ibili zen. Ameriketako Gizona kontsideratzen dute Bolivar eta Historia Unibertsalaren pertsonaia nabarmena, nazionalismo latinoamerikar askotan gurtzen dutena. Antzeko ideia edo korronte politiko-sozialek bolivarianismo izena hartzen dute.