GAUR8

Hondakinak bereizteko jardunbide egokiaz jabetzeko kanpaina abiatu da Aiaraldean

Aiaraldean, hondakinak bereizteko jardunbide egokiez kontzientziatzeko kanpaina jarri du abian Kuadrillak, kontsumo handiko data hauetara begira. Ekimenaren barruan, etxetik gertu erostera deitu dute.

Hondakinak era egokian bereizten lagundu nahi du kanpainak.
Hondakinak era egokian bereizten lagundu nahi du kanpainak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aste honetan bertan, hondakinen arazoaren inguruko irrati lehiaketa bat abiarazi dute Aiaraldean, eta hurrengo egunetan hainbat stand jarriko dituzte merkatuetan zaborra bereizteko orduan sor daitezkeen zalantzak argitzen laguntzeko.

Ekimen horiek Aiarako Kuadrillak bultzatzen duen kanpainaren barruan daude, eta bereziki Gabonetako ospakizunetan jartzen du azpimarra, kontsumo handiko datak izanik hondakin kopuru handiak eragiten dituztelako.

«Abendua da, zalantzarik gabe, hondakin gehien sortzen den hilabetea, bereziki beirazko, plastikozko eta paper-kartoizko etxeko ontzien hondakinak», azaldu du Kuadrillak ohar batean. Data hauetan ematen den hondakin organikoen bilketan izaten den gorakada ere aipatu du.

Hondakinak sortu ondoren, behar bezala bereizteak duen garrantzia nabarmendu nahi du kanpainak, eta deialdi bikoitza egin du: alde batetik, etxetik gertu erostera animatzen, eta bestetik, bilketa-zerbitzuak behar bezala erabiltzera.

Asteko merkatuak

Ekimenaren barruan, abenduaren 21ean eta 22an, Laudioko eta Amurrioko asteko merkatuetan bereizketa hori zuzen egiteko aholkuak emango dituzte, eta «edukiontzi marroia behar bezala erabiltzeko giltzak, poltsak eta triptikoak» banatuko dituzte.

Horrekin batera, zerbitzuen ezagutzari eta balorazioari buruzko galdetegi erraz bat betetzen dutenen artean zero kilometroko produktu-sorta bi zozketatuko dituzte.

Kanpaina ikastetxeetara ere helduko da, eta urtarrilaren amaierara arte hitzaldiak egingo dituzte eskualdeko zentro ezberdinetan, zaborren bereizketaren inguruko ohiko zalantzak argitzeko.