Ganbara bilduma, Altzako etxe batera bidaia 60ko hamarkadan

Altzako etxeetan 60ko hamarkadan topa zitezkeen objektuen bilduma da Ganbara, Altzako Historia Mintegiak ia 22 urtez egindako lanaren emaitza. Orain bilduma hori Aranzadiren esku utzi dute, bertako biltegian dago edonoren eskura.

Etxeetan pilatzen diren objektuek gauza asko kontatzen dituzte etxe horretan bizi direnei buruz eta baita bizi duten garaiari buruz ere. Altzako Historia Mintegiak 22 urtez sekulako lana egin du Altzako etxeetan jasotako objektuak biltzen eta lan horren emaitza da Ganbara bilduma. Objektu gehienak dohaintzan jasotakoak dira eta beste batzuk erosi egin dituzte; bigarren eskuko dendetan, azoketan, Emausen, txatartegietan... Guztira 570 piezek osatzen dute Ganbara bilduma, balio eta interes etnografiko handiko lana.

Bildumaren inguruko zenbait erakusketa antolatu ondoren, Altzako Historia Mintegiak lan horren etorkizunaren inguruko gogoeta abiatu zuen 2022. urtean. Azkenean lana Aranzadiren esku uztea erabaki dute. Hartara, bi eragileek elkarlanean atondu dute bildumaren inguruko katalogoa eta aurrerantzean piezak Aranzadiko biltegian egongo dira.

Katalogo horretan piezak atal desberdinetan banatu dituzte; sukaldeko tresnak, garbitasunekoak, osasuna eta ongizatearen ingurukoak, ikusentzunekoak, jostailuak, material didaktikoak, sinismenak, dekorazioa, elektrizitatea... Piezetan barrena, 60ko hamarkadako Altzako etxe bat bisita daiteke, bertako bizimoduak eta emozioak berpiztuz, objektuak emozio eramaile baitira.