GAUR8

QIA saria jaso du Mondragon Unibertsitatearen ‘Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako’ programak

Ekintzailetza eta teknogiarekiko bokazioen bultzadarekin lotuta dagoen Modragon Unibertsitateko ‘Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako’ programak QIA nazioarteko saria jaso du, ekintzaile gazteen artean STEAM arloko gaitsunen bultzada nabarmenduz.

Mondragon Unibertsitateko ikasleak, artxiboko irudian.
Mondragon Unibertsitateko ikasleak, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mondragon Unibertsitateak QIA (Quality Innovation Award) nazioarteko saria jaso du, hezkuntzaren kategorian, Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako Gradu Ofizialeko (LEINN) hirugarren mailan ematen den 'Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako' programarekin.

Sariak Gasteizko Europa Jauregian banatu ziren, QIA nazioarteko sariko zortzi euskal finalistak ezagutarazi ostean. Mondragon Unibertsitatetik, Aitor Lizartza Mondragon Team Academy Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko nazioarteko ekintzailetzako sarearen sortzailekideak hartu zuen parte.

Quality Innovation Award (QIA) Excellence Finland erakundeak 2007an sorturiko nazioarteko lehiaketa da, eta QIA Advisory Board elkarteko erakunde eta herrialde kideen artean proiektu berritzaileen lehiakortasuna sustatzea du helburu. Finlandia, Suedia, Israel, Espainia eta Txina dira herrialde kideak. EAEn, QIA Advisory Board-eko kide den Euskalit agentziak ematen du aitorpena, eta Innobasquek, Unibasqek eta Ihobek egiaztatzen dute.

‘Teknologiak trantsizioan dagoen mundu baterako’ programa LEINN graduko hirugarren mailan ematen da. Helburua da STEAM arloko gaitasunak sendotzea ekintzaile gazteen taldekako proiektuetan, gizarte, ekonomia eta ingurumen eraginaren ikuspegitik eta garapen jasangarriaren eta baliabide mugatuak dituen mundu baten ikuspegitik.

LEINNeko talde ekintzaileek teknologia esponentzialen errealitatea ezagutzen ikasten dute, eta erabilitako arrakasta faktoreak eta gakoak aztertzeko gai dira, tresna espezifiko nagusiak ezagutu eta erabiltzen eta horiek industria eta sektore berrietan aplikatzen jakiteaz gain. Programak teknologiari loturiko bokazioak eta asmo profesionalak inspiratu nahi ditu, jada ekintzailetzaren eta enpresaren eremuetan dauden pertsonengan.