GAUR8

Booktuberboom lehiaketaren VII. edizioak baditu irabazleak

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen Booktuberboom lehiaketak VII. edizioko sariak banatu berri ditu. Bost saridun dira, sareetan irakurritako liburu baten gainean iruzkina sortu dutenak.

Aurtengo edizioko irabazleetako bat izan den Adeswa Ehimwonzee ordiziarra, irudian.
Aurtengo edizioko irabazleetako bat izan den Adeswa Ehimwonzee ordiziarra, irudian. (Booktuberboom)

Maialen Esnal, Nerea Valluerca, Jakes Bermudez, Ana Izagirre eta Adeswua Ehimwonzee dira Booktuberboom lehiaketako VII. edizioaren irabazleak.

Orotara 21 lan aurkeztu dira, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko helburu duen ekimenera. Lakuako Liburutegi Zerbitzuek eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak elkarlanean sortutako egitasmoa da.

Irailetik abendura gauzatu den azken edizio honetan, publikoaren saria Adesuwa Ehimwonzee oridiziarrarentzat izan da ‘Aire beltza’ (Agustin Fernandez Paz; itzul. Koldo Izagirre) liburuaren bookstagramarekin. Gogoratu dutenez, lana ikusgi dago lehiaketaren Instagram kontuan.

Epaimahaiaren sari nagusia Maialen Esnalentzat izan da, ‘Kale gorrian’ (Robert Swindells; itzul. Iñaki Mendiguren) liburuari buruzko bideo-iruzkinagatik.

Bigarren saria Nerea Valluerca gasteiztarrari egokitu zaio, Jon Arretxeren ‘Kleopatra’ lanaren gaineko bideoagatik, eta Bookstagram kategoriako irabazlea Jakes Bermudez ordiziarra izan da, ‘Pijama marradunaz jantzitako mutila’ (John Boyne; itzul. Mirentxu Larrañaga) liburuaren gainean sortutako konposizioagatik.

Ana Izagirre ordiziarrak Booktok kategoriako saria jaso du, ‘Anne Franken Egunkaria’ (Anne Frank; itzul. Josu Zabaleta) liburuari buruzko tiktokarekin.