Flash Airlines-en 604 hegaldia Itsaso Gorrira erori zen orain dela hamar urte
Gaur hamar urte bete dira Flash Airlines konpainiako 604. hegaldiak Egiptoko kostaldean hondoratu zenetik. Inor ez zen bizirik atera; hegazkinean zihoazen 148 lagun hilik gertatu ziren. Istripu lazgarri hura Egiptoko aire-hondamendirik hilgarriena izan zen luzaroan, hain zuzen ere hamabi urte geroago Metrojetaren 9268 hegaldiaren bonbardaketak gainditu zuen arte.
Parisko hilerri batean eraikitako monumentu batek gogorarazten du 2004an, gaur bezalako egun batean, itsasora erori zen Flash Airlines konpainiako 604. hegaldia. Hamar urte pasa diren arren, gau hartan zer gertatu zen ez da erabat argitu; ez, bederen, hildakoen familiaren ustetan.
Gau hartan 148 pertsona hil ziren-eta, horietatik 134 frantsesak, Egipton, oporrak igaro ostean, etxerako itzultzeko hartu zuten hegaldian. Tripulazioko zazpi kidek osatu zuen hildakoen kopurua. Egiptoko airelinearen kostu txikiko hegazkin hau 2004ko urtarrilaren 3ko gauean Itsaso Gorrira erori zen, aireratu eta hiru minutura, egin ziren ikerketek erabat argitu ez zituzten arrazoiengatik.
2009an, adituen txostenen arabera, hegazkineko komandantearen esperientziaren eza eta nekea izan ziren istripuaren errudunak. Halere, ez dago oso garbi. Lehen uneetan atentatuaren susmoa zabaldu zen arren, berehala baztertu zen: hegazkina ez zen mila zatitan txikitu, esaterako.
Hegaldiaren hondakinak aireportutik 9 milia ingurura aurkitu zituzten. Istripuaren ikerketaren emaitzak eztabaidagarriak izan ziren, eta tartean ziren herrialdeetako istripuetako ikertzaileak ezin izan ziren ados jarri istripuaren arrazoiaz.
Hegaldi-planaren arabera, hegazkina 2.44an aireratu zen. Dena errutina hutsa omen zen. Aparatua goratu eta, orduan, eskuinera biratzen hasten zen... hegaldi-planean ez zegoen arren eta, ez dago argi zein arrazoiengatik, hegazkinak angelu handiegia hartu zuen.
Pilotu nagusia Khadr Abdullah kapitaina zen. 7.000 ordutik gorako esperientzia zuen hegaldi komertzialetan, are gehiago militarretan, Egiptoko Aireko Indarrean. Lehen ofiziala Amr Shaafei deitzen zen, hasi berria. Ilargirik gabeko gau beltza zen, eta hiriko argiak atzean utzita, Itsaso Gorriko urek ez zuten ezer islatzen... Abdullah kapitainak kanpora begiratu eta, lurreko erreferentziarik ez zuenez, dena ondo zegoela irudituko zitzaion, bat batean oker zegoela ohartu zen arte. 24 segundo baino ez ziren igaro, baina hegazkinaren norabidea zuzentzen hasi orduko itsasora erori ziren.
2017. urtean, Frantziako Justiziak auzia artxibatu zuen; akatsa pilotuena izan zela ebatzi zuen, are gehiago, desorientazio espaziala izan zuela. Eskandalua pil-pilean zegoenean, tragediatik bi hilabetera, Flash Airlines konpainiak kiebra jo zuen, beste administrazio baten izenpean jarraitu zuen arren.