GAUR8

Euskal biologoek erle meliferoaren kontserbazioari buruzko mintegia eskainiko dute hilaren 11n

Bertoko espeziea den erle meriferoaren egoera kezkagarria aztertuko dute biologoek ostegunean egingo duten mintegian. Bertan, kontserbazioari zuzendutako ikerlanak azalduko dituzte.

Erlezaintzaren egoerarekin lotutako ikerlanak azalduko dituzte.
Erlezaintzaren egoerarekin lotutako ikerlanak azalduko dituzte. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAEko Biologoen Elkargo Ofizialak mintegi bat eskainiko du hilaren 11n, bertako erle meliferoa kontserbatzeko ikerketa genetikoak ezagutarazteko, espeziea egoera «kezkagarrian» baitago.

‘Erle meliferoaren kontserbazioa: bidaia omiken munduan’ izenburupean, datorren ostegunean biologoen elkargoak erle meliferoen azpiespezieen jatorria eta eboluzioa aztertuko ditu.

Gainera, EHUko Genomika Aplikatua eta Bioinformatikako taldean egin diren ikerlanak azalduko ditu, ERBEL erlezaintza elkartearekin batera, eta erle meliferoaren aniztasun genetikoa eta mikrobio-komunitateak aztertuko ditu.

Erle erresistenteak

Biologoek ohartarazi dute erle meliferoaren egungo egoera «kezkagarria» dela, erlauntzak urtero hiltzen direlako. Hizlariek egiten dituzten ikerlanen helburua bertako erlea kontserbatzea eta gaixotasunekiko erresistenteak diren erleen hautaketa sustatzea da. Era horretara, bertako eta inportatutako espezien hibridazioak identifikatzeko tresna molekularrak eskaintzen dira, horiek «arriskuan jartzen» baitute «ondare genetikoa eta haren egokitzapena».

Gainera, erleak gaixotasun «suntsitzaileen» aurrean erresilientzia handiagoa izatea eragiten duten faktoreak aztertzen dituzte, hala nola barroasia, sektorearentzat kezka handienetako bat, erlezaintzan akarizida kimikoen erabilera mugatzen duten estrategiak aztertuz.