GAUR8

Ikertzaileen atxikipen bikoitzeko programa indartu dute EHUk eta Tecnaliak

EHU eta Tecnalia ikerketa eta garapen zentroaren arteko lankidetzari esker, bi erakundeetako zazpi ikertzaile arituko dira afiliazio bikoitzeko programan, «ikerketaren emaitzetan eragin biderkatzailea» lortze aldera.

EHUko eta Tecnalia ikerketa zentroko ordezkariak, irudian.
EHUko eta Tecnalia ikerketa zentroko ordezkariak, irudian. (Fernando GOMEZ | UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak ikertzaileen afiliazio bikoitzeko programa sendotu dute, «interes komuneko gaietan jarduera eta posizionamendua indartzeko helburuarekin.

Atxikipen bikoitzeko zazpi ikertzaile izendatu zituzten iaz, eta 2024rako pertsona gehiago sartzea aurreikusten dute. Egun, EHUko bost ikerlari daude programan: Lola Boyano, Biologia Zelularreko katedraduna Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean; Jose Luis Pedraz, Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoko katedraduna Farmazia Fakultatean; Jesus Maria Blanco, Fluidoen Mekanika Saileko irakasle titularra eta Itsas Inguruneko Energia Berriztagarrien Masterraren arduraduna; Jose Luis Martin, Teknologia Elektronikoko katedraduna; eta Jose Tomes San Jose, Meatzaritza eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko irakasle titularra. Azken hirurak Bilboko Ingeniaritza Eskolakoak dira.

Teknaliaren aldetik, Salvador Ceballos, Sareen Arloko ikertzaile nagusia eta Sistema Txertatuen eta Potentzia Elektronikaren arduraduna; Jose Antonio Chica, Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoaren Unitateko Eraldaketa Digitalaren ikertzaile arduraduna eta Europako Batzordeko DG GROWTHen ‘High Level Construction Forum initiative’ ekimeneko kidea dira egun atxikipen bikoitzeko programan aritzen diren bi ikerlariak.

«Sinergiak adosteko»

Eva Ferreira EHUko errektorearen hitzetan, programa «formula egokia da sinergiak adosteko eta ikerketaren emaitzetan eragin biderkatzailea lortzeko». Nabarmendu du, gainera, zentro teknologikoa eta unibertsitatearen arteko lankidetzak aukera ematen diela langileei «ingurune teknologikoan eragin handiagoa duten ikerketak egiteko».

Bestalde, Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusiaren ustez, «berrikuntzaren eta talentuaren arloan espezializazio eta bikaintasun tresna» da lankidetza. «Horregatik, EHUren eta TECNALIAren arteko Esparru Akordio honetan oinarritu behar dugu erakunde bakoitzaren gaitasunak indartzeko eta ahalik eta aberastasun handieneko programak lortzeko, hala nola afiliazio bikoitz hori, EHUko ikerketako laguntzaile akademikoaren eta Tecnaliako ikertzaile elkartuaren figuren bidez», adierazi du.