GAUR8

Gizalegearen aurkako jarreren aurrean, «herria guztien artean zaintzera» deitu du Atxondoko Udalak

Atxondoko Udalak «herria guztion artean zaintzera» deitu du, gertatzen diren gizalegearen kontrako zenbait jokabideren aurrean. Ohitura aldaketan eta kontzientziazioan jartzen dute azpimarra udal agintariek, eta ez zigorrean.

Atxondon, gizabidearen kontrako portaeren inguruan hausnartu eta herria zaintzera deitu dute.
Atxondon, gizabidearen kontrako portaeren inguruan hausnartu eta herria zaintzera deitu dute. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Herrian gertatzen diren gizabidearen kontrako zenbait egoerek kezka sortu dute udal ordezkarien artean. Ez dute, alabaina, «jarrera zigortzaile bat izan nahi», eta horregatik, hausnarketa plazaratu eta «herria guztion artean zaintzera» deitu du udal Gobernuak.

Ohar batean, udal ordezkariek onartzen dute «arduratuta» daudela «hainbat herritarrek erakusten duten jarrerarekin». Elkarbizitzan eragiten dute jokabide desegoki horien artean, «kotxeak behar ez den lekuan aparkatzeko ohitura handia» aipatu dute, baita txakurren jabe batzuen aldetik ere, ez baitituzte gorotzak jasotzen, eta hori «berdeguneetan zein espaloietan gertatzen da.

Tamaina handiko zabor bilketari dagokionez, ez dira zehaztutako egunak errespetatzen, azaldu duenez. Horrekin lotuta, gogoratu du Udalak zerbitzua Mankomunitatearen esku dagoela, zehaztutako egun batzuk daudela eta abisua eman beharra dagoela.

Udal arduradunak araudi bat lantzen ari dira, baina nabarmendu dutenez, ohitura aldaketa eta kontzientziazioa dira beharrezko gakoetako bi. «Ez dugu jarrera zigortzaile bat izan gura. Horregatik, jendeak zentzunez jokatzeko eskatzen dugu. Ohitura aldaketa eta kontzientziazio apur bat behar dugu», adierazi du Eneritz Agirre alkateak.