GAUR8

‘Bihotzaren erritmoan dantzan’, Larraitz Gaztañaga kardiologoaren hitzaldia Zarautzen

‘Bihotzaren erritmoan dantzan’ izenburupean, arritmien tratamendua eta elektrofisiologia izango dira ZarautzOn elkartearen hurrengo hitzaldiaren protagonistak, gaian aditua den Larraitz Gaztañaga kardiologoaren eskutik.

Larraitz Gaztañaga kardiologoa, irudian.
Larraitz Gaztañaga kardiologoa, irudian. (ZarautzOn Elkartea.)

ZarautzOn elkarteak bihotzaren erritmoarekin lotutako gaitzen tratamenduetan sakonduko du hitzaldi batean asteartean, hilaren 6an, Larraitz Gaztañaga kardiologoaren eskutik. Zarauzko Modelo Aretoan izango da solasaldia, 19.30ean.

Gaiaren testuinguruan jartzeko, elkarteak azaldu du «elektrofisiologia bihotzaren elektrizitatearen inguruan aritzen den kardiologiaren atala» dela. Erantsi duenez, bihotzaren funtzionamendu egokia bermatzen duen erritmoaren erantzulea da atal hori, eta erritmoa asaldatzen denean arritmiak agertzen direla.

Bihotzaren erritmo ez normal bat adierazten duten horiek, gainera, mota ezberdinetakoak izan daitezke: «azkarrak, geldoak, onberak, gaiztoak...», eta bakoitzak tratamendu espezifikoa dauka, zehaztu du kolektiboak.

Tratamendua eta, batez ere, «tratamendu inbaditzaileak» behar dituzten arritmietan jarriko du fokua hitzaldiak, azaltzeko «nola sartzen garen bihotzera, nola ikusten dugun elektrizitatea barrutik, eta nola suntsitzen ditugun zoratzen diren zirkuitu elektrikoak».

Gaia jorratzeko, Larraitz Gaztañaga kardiologoarengana jo du ZarautzOnek. EHUn medikuntzan eta kirurgian lizentziatua, kardiologian espezializatu zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, eta elektrofisiologia azpi-espezializazioan sakondu du Basurtun bertan eta AEBetan, Hospital of the University of Pennsylvanian, gogoratu du elkarteak.

Gaztañagak Basurtuko ospitalean jarraitu du lanean, elektrofisiologia atalean, EHUn egin zuen doktoretza eta EAEko unibertsitate publikoko irakaslea da 2012tik.