GAUR8
Gaur X urte

Gaur 44 urte hil zuten Yolanda Gonzalez Madrilen

Yolanda Gonzalez ikasle eta militante bilbotarra 1980ko otsailaren 1ean, duela 44 urte, hil zuen Batallon Vasco Españolek Madrilen. 19 urte besterik ez zituen eta hilketak samin handia eragin zuen.

Yolanda Gonzalezi aurreko igandean egindako omenaldia.
Yolanda Gonzalezi aurreko igandean egindako omenaldia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Yolanda Gonzalez bilbotarra 1980ko otsailaren 1ean hil zuen Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde paramilitarrak. Yolanda ikasle mugimenduko buruzagia zen eta militante komunista. 19 urterekin hil zuten eta sekulako samina eragin zuen Bilbon nahiz Euskal Herri osoan.

Yolanda Gonzalez Martin 1961ean jaio zen Bilboko Deustu auzoan, Burgosetik etorritako langile-familia batean. Hamasei urterekin Espainiako Gazte Sozialistetan afiliatu zen Ezker Sozialista korrontearen barruan eta 1979an Madrilera joan zen elektronikako ikasketak hastera.

1980an Vallecaseko Lanbide Heziketako Zentroaren ordezkaria zen Madrilgo Irakaskuntza Ertaineko Ikasleen Koordinakundean. Langileen Alderdi Sozialistako (PST) militantea ere bazen, artean legezkoa ez zen talde politiko trotskista txiki bat, Liga Komunista Iraultzailearen zatiketa batetik zetorrena.

1980ko otsailaren 1eko arratsaldeko azken orduan bahitu zuten Madrilgo Aluche auzoko Tembleque kaleko 101. zenbakiko bere etxean. Bahitzaileak Yolanda engainatuz sartu ziren, polizia-agintarien identifikazio faltsutuak erakutsiz. Otsailaren 2ko goizean salatu zuen desagerpena bere bikoteak, Yolandaren poltsa, diru-zorroa eta NANa egongelako mahaian zeudela ohartu zenean.

Ordurako Yolanda Gonzalez hilda zegoen. Bi langilek, goizeko 9ak aldera, Alcorcon eta San Martin de Valdeiglesias lotzen dituen errepidetik gertu dagoen bide batean aurkitu zuten bere gorpua, tratu txarrak jasanda eta tiroz hila.

Fuerza Nueva taldeko Emilio Hellin Moro eta Ignacio Abad Velazquez kideek hil zuten, eta beste hainbat pertsonaren laguntza izan zuten (Jose Ricardo Prieto, Felix Perez Ajero, Juan Carlos Rodas Crespo eta David Martinez). Juan Carlos Rodas Crespok, Polizia Nazionaleko agenteak, etxebizitzaren kanpoaldea zaintzen parte hartu zuen beste konplize batzuekin batera, Hellín Moro eta Abad Velazquez bahitzeko igotzen ziren bitartean.

Hurrengo egunean, prentsaren bidez haren heriotzaren berri izan zuenean, Juan Carlos Rodas Crespok, harrituta eta damututa, galdeketa hutsa zela uste zuen azken emaitzarekin, gertatutakoa salatu zuen Getafeko bere poliziaburuen aurrean, eta horrek azkartu egin zituen ikerketak eta kasuaren ebazpena.

Hala ere, eta zigorrak aipagarriak izan ziren arren, Hellin Morok zer esan handia emango zuen hurrengo urteetan, espainiar Gobernu desberdinekin izandako harremanengatik.