GAUR8
Gaur X urte

Markel Irizar jaio zen gaurko egunez, duela 44 urte

Txirrindularia izan zelako ezagutuko dute gehienek Markel Irizar, beste batzuk Bizipoza elkartean eta minbiziaren gaia ikusarazteko egindako lanarengatik. Euskaltel-Euskadi taldearekin debutatu zuen 2004an eta 2019an erretiratu zen Donostiako Klasikoan.

Markel Irizar txirrindularia, Euskal Herriko itzuliko lehen etapan.
Markel Irizar txirrindularia, Euskal Herriko itzuliko lehen etapan. (Oskar Matxin | FOKU)

1980ko otsailean jaio zen Markel Irizar txirrindulari ohi oñatiarra, profesionala izan zen 2004tik 2019ra bitarte. Txirrindulari izateagatik ezaguna izateaz gain, Bizipoz elkartea sortuz minbizia dutenei eskainitako laguntza eta sentsibilizazioagatik ere sonatua izan da.

Euskaltel-Euskadi taldearekin debutatu zuen 2004an, minbiziari aurre egin ostean, eta 2009ra bitarte ibili zen talde horretan. Team RadioShack taldean ibili zen 2011 bitarte, eta Trek-Segafredorekin erretiroa hartu zuen arte. Elite mailara jauzi egin aurrez Ulma Cegasan jardun zuen, eta Olarra Erkoreka taldera pasa zen 2001ean. 2019ko Donostiako Klasikoan erretiratu zen, «afizioak merezi dudana baino gehiago maitatu izan nau», esan izan du behin baino gehiagotan.

Erretiroa hartu zuen garaian egin zion elkarrizketa 7K igandekariak, bere bizitzaren errepasoa egin zuten, profesionalarena zein pertsonalarena. GARA eta NAIZen ere arrakasta handia izan zuten txirrindulari garaian Amets Txurrukarekin batera idatzitako zutabeek.

Euskal Herriaren enbaxadorea izan da urteetan zehar eta hala gogoratzen du berak ere: «Beti sentitu izan dut nongoak garen esateko betebeharra eta, nire esku balego, enbaxadore lana egitekoa. Ikurrinarekin korrika egin dudanean asko kritikatu naute, baina orain jendeak ulertu du ez naizela inoiz inoren kontra joan».