GAUR 8
Gaur X urte

«Komunismoaren mamua» Europan zehar ibiltzen hasi zen gaur dela 176 urte

Gaur 176 urte, Karl Marx eta Friedrich Engels, filosofo, pentsalari eta iraultzaile alemaniarrek ‘Alderdi Komunistaren Manifestua’ edo ‘Manifestu Komunista’ bezala ezagutzen den liburua argitaratu zuten Londresen.

1848ko otsailean Londresen argitaratutako Manifestu Komunistaren hasierako argitalpenaren azala.
1848ko otsailean Londresen argitaratutako Manifestu Komunistaren hasierako argitalpenaren azala. (GAUR 8)

1847ko otsailaren 21ean, gaur dela 176 urte, Londresen argitaratu zen ‘Manifestu komunista’, Liga Komunista alderdi iraultzaileak eskatuta. Karl Marx eta Friedrich Engels pentsalari alemaniarrek idatzi zuten testua, historiako ezagunenetako bat.

Komunismoaren ideologiaren oinarriak finkatu zituen agiri politikoa da eta, denborarekin, lan hori erreferente bihurtu zen Europako langile mugimenduarentzat. Handik gutxira, Manifestu komunista, jatorrian alemanez idatzia, ingelesera, frantsesera, poloniarrera, errusiarrera eta danierara itzuli zen. Euskal Herriko Komunistak erakundea arduratu zen lana euskaratzeaz.

Klaserik gabeko gizarte bat lortzeko eta kapitalismoarekin amaitzeko helburuarekin, proletarioen eskutik zenbait ekintza iraultzaile proposatzen zituen. Hainbat hamarkada ondoren, agiriak proposaturikoak Leninek Errusian gauzatu zituen iraultza baten bitartez.

Agiriaren zati garrantzitsu bat sozialismotik komunismorako trantsizioaz aritzen da: «Garapenaren ondorioz, klase desberdintasunak desagertzen direnean, eta produkzio guztia nazio osoaren esku dagoenean, botere publikoak bere izakera politikoa galduko du. Botere politikoa klase batek besteak zapaltzeko antolatu den boterea baino ez da. Proletargoa, burgesiaren kontrako borrokan, klase bezala antolatzera bultzatuta aurkitzen bada, iraultzaren bitartez klase nagusi bihurtzen bada eta honen ondorioz produkzioaren baldintza zaharrak deuseztatzen baditu, orduan, baldintza hauen deuseztatzearekin batera klaseen arteko kontrakotasunak eta klaseak berak deuseztatuko ditu, eta ondorioz bere nagusitasun bera ere ezeztatuko du».

‘Manifestu komunista’-n Marx eta Engelsen esaldi ezagunenetako batzuk daude, hala nola «mamu bat dabil Europan barrena; komunismoaren mamua», «proletarioek beren kateak baizik ez dituzte galtzeko; mundu bat dute irabazteko», «herrialde guztietako proletarioak, elkar zaitezte!» edota «orain arteko gizartearen historia klase-borroken historia da».