GAUR8

Zuiako Udalak Pauldarren komentua utzi dio Hezkuntzari, titulazio berriak emateko

Pauldarren komentuaren eraikin osoa utziko du Zuiako Udalak Lakuako Hezkuntza Sailaren eskuetan, zikloen eskaintza handitzeko beharrezko espazioa izan dezan. Hezkuntza eskaintza zabaltzeaz gain, Zuiak erreferentzia izan nahi du, ingurunearen eta basogintzaren kudeaketaren inguruko ikasketetan.

Pauldarren komentua izan zen eraikina, Zuian.
Pauldarren komentua izan zen eraikina, Zuian. (Zuiako Udala)

Zuiako Udalak Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari utzi dio Pauldarren komentuaren eraikin osoa, titulazio berriak emateko.

Instalakuntza horietan, Larrialdiak eta Babes Zibila (erdi mailakoa) eta Larrialdien Koordinazioa eta Babes Zibila (goi mailakoa) titulazio berriak eman ahal izateko hartu da ondasunak lagatzearen erabakia, azaldu du Udalak ohar bidez.

Lakuako Exekutiboko Hezkuntza Sailak aspalditik erabiltzen du komentuaren zati bat, errentamenduan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eta Lanbide Heziketako hainbat gradu emateko, hala nola baso-aprobetxamenduak, natura-ingurunearen aprobetxamendua eta kontserbazioa, eta basogintzaren eta natura-ingurunearen kudeaketa.

Hezkuntza Sailak zikloen eskaintza zabaldu nahi ditu, eta instalazioak egokitu behar ditu erabilera horretarako. Udalak Sailari instalazioak doan ematea erabaki du, udalerrian hezkuntza-eskaintza zabaltzeko eta Zuia «basogintzaren kudeaketaren arloan erreferente gisa» indartzeko, adierazi dute.

Udalak Hezkuntzari eskatu dio, lagapen-akordioa itxi ondoren, «lehenbailehen» egin ditzala eraikinean egin beharreko eraberritzeak, titulazio berriak datorren ikasturtean eskaintzeko moduan egoteari begira.