GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez hil zuten Hondurasen Berta Caceres ekintzaile sutsua

Lenka herri indigenako liderra, ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzailea, 2016ko martxoaren 3an hil zuten hainbat mehatxu jaso ostean. Agua Zarcako urtegiaren kontra egindako borrokagatik hil zuten.

Berta Caceres, artxiboko irudi batean.
Berta Caceres, artxiboko irudi batean. (ONU Brasil)

Berta Caceres, Hondurasko lenka herri indigenako liderra, ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzaile sutsua, 2016ko martxoaren 3an hil zuten bere borroka zela-eta hainbat mehatxu jaso ostean.

Caceresen militantzia oso goiz hasi zen. 1993an, Hondurasko Indigenen eta Herri Erakundeen Batzordea (COPINH) sortu zuen, ibaien pribatizazioaren aurka borrokatzeko. Industria eta meategiei ere aurre egin zien, eta Amerikako Estatu Batuen base militarrak indigenen lur eremuetan kokatu izana salatu zuen.

2009ko ekainaren 28an Manuel Zelaya presidentea kargutik kendu zuen estatu kolpearen aurkako mobilizazioetan parte hartu zuen eta AEBek Hondurasen duten presentzia militarra salatu zuen.

Baina bere bizitza benetako arriskuan jarri zuen borroka Agua Zarcako urtegiaren kontrakoa izan zen. Presa horren eraikuntzak indigenak lekuz mugiaraztera derrigortzen zituen eta nekazaritza garatzea eragotzi. Bertak lenka herri indigena antolatu zuen: 2010ean Tegucigalpan protesta egin zuten Kongresuak proiektua bazter zezala eskatzeko eta 2013an errepideak hartu zituen urtebetez makineriari bidea oztopatzeko.

Kanpaina horri esker, Sinohydro Txinako multinazionalak eta Munduko Bankuak baztertu egin zuten proiektu hidroelektrikoa, baina caceresek garesti ordaindu zuen: mehatxu ugari jaso ostean, 2016ko martxoaren 3an indarrez sartu ziren haren etxera eta tiroz hil zuten.

2019ko abenduan, zortzi akusatutik lauri 34 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten Caceresen heriotzagatik, eta 16 urtekoa Gustavo Castro mexikarra hiltzen saiatzeagatik. Beste hiruri 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten, krimenaren egileetako bat izateagatik.
Hala ere, familiak kondenatu horiek sikario batzuk besterik ez zirela defendatu zuen, eta Caceres hiltzeko agindua eman zuten agintariak aurkitu eta zigortzeko borrokan jarraitu zuen. Horrela, 2021ean, Hondurasko Epai Auzitegiak Victor David Castillo, DESA SA urtegia eraiki behar zuen konpainiako arduradunaren aurkako epaia eman zuen.