GAUR8

Fernando Valladares ekologoa gonbidatu du ZarautzOn elkarteak eta «mundua konpontzeko motibazioa» jarri du aztergai

Fernando Valladares ekologoa eta zientzialari ezaguna gonbidatu du ZarautzOn elkarteak hilaren 13rako, aurrean dugun zibilizazio erronkaren aurrean mundua aldatzeko ditugun erronkak, zangotrabak eta motibazioaz hitz egiteko.

Irudian, Fernando Valladares doktorea.
Irudian, Fernando Valladares doktorea. (ZarautzOn Elkartea.)

Fernando Valladares zientzialariaren azken liburuaren titulu bera du hilaren 13an Zarautzen eskainiko duen solasaldiak: ‘Birzibilizazioa: erronkak, zangotrabak eta mundua konpontzeko motibazioak’. Izan ere, gizateriak aurrean dituen erronka horiek eta motibazioa izango dira hizketaldi horren ardatzetako bi, aurreratu dute ZarautzOn elkartetik.

Biologian doktorea, CSIC Estatu espainoleko ikerketa zentroko ikertzailea da Natur Zientzien Museo Nazionalean eta irakasle elkartua Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean. Aurkezpen gutxi behar du izen handiko zientzialariak. Bere ibilbideaz, ZarautzOn elkartetik nabarmendu dute biodibertsitatearen inguruan egin duen lana, baita klima aldaketak eta giza jarduerek ekosistemetan dituzten inpaktuak aztertzeko ikerketak ere.

Hurrengo astean Zarautzen finkatu duten hitzorduan, egungo klima aldaketak dakartzan krisi sozioekonomiko, politiko eta ekologikoa eta erronka «handienari» nola aurre egin izango dira mahai gainean egongo diren elementuetako batzuk.

«Ezagutza eta osagai guztiak ditugu»

Hitzaldi horren sarrera gisa Zarauzko elkarteak gogoratu du «gizateriak bere burua giltzatu eta egoera paradoxiko eta premiagarrian» dagoela, eta «ikuspegi integratzailea eta anbizio handikoa» behar duela dagoen egoeratk irtetzeko.

«Gaixotu eta gogaitu egiten gaituen zibilizazio-eredu bat aldatzeko ezagutza eta osagai guztiak ditugu. Baina aldaketari ekiteko osagairik urriena motibazioa da», azaldu du elkarteak, eta planteatu du gakoa ez dela bakarrik politikari hobeak baizik eta herritar hobeak ere.

«Denok pasa gaitezke demokrazia ordezkatzailetik demokrazia parte-hartzailera. Gure nahien eta aukeren neurriko aldaketaren ekintzaile izateak pertsona hobeak ezezik zoriontsuagoak ere egingo gaitu», mahaigaineratu du ZarautzOnek hurrengo asteazkenean jorratuko duten analisian sakonduz.