GAUR8

EHUren Zientzia Zirkularrak zabalik ditu ateak zientzia ikasgeletara eraman nahi duten ikastetxeentzako

Zientziaren dibulgazioa eskolara eramaten duen proiektua da Zientzia Zirkularra, Europako Ikertzaileen Gaua ekimenaren barruan, EHUren ikertzaileen lana ikasleei helarazteko aukera bat maila guztientzat, eskola handi eta txikien eskura.

Maite Iris Garcia Collado EHUko ikerlaria Larraulgo ikasleekin egon zen.
Maite Iris Garcia Collado EHUko ikerlaria Larraulgo ikasleekin egon zen. (Nagore IRAOLA | UPV/EHU)

EAEko Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxillergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeak dira EHUren Zientzia Zirkularra programaren gonbidatu nagusiak, plan erraz bezain iradokitzailearen inguruan aritzeko: unibertsitate irakasleek eurek ikasgeletan eskainitako zientzia dibulgazioko hitzaldiak eta tailerrak.

Ikasturte osoan zehar egiten den jarduera da Zientzia Zirkularra Europako Ikertzaileen Gauaren nolabaiteko jarraipena zientzia eta teknologia herritarrengana hurbiltzeko helburu horretan sakonduz, baina ikastetxeetan zentratuta.

Izan ere, EHUko irakasle-ikertzaileen parte hartze zuzena izaten du programak, ikasgeletan bertan aritzen baitira ikasleen ondoan. Santurtziko Itxasoko Ama, Basauriko Kareaga Goikoa eta Zaldibarko eskola izan dira aurtengo lehen topaketan, baita Berrobiko eta Larraulgo ikastetxeak ere.

Azken eskola hauetan aritu den Maite Iris Garcia Collado EHUko ikertzaileak dibulgazioak duen garrantzia aipatu du, Zientzia Zirkularra programak «zientzia beste mota bateko ikasgeletara hurbiltzeko» duen «motibazioa» nabarmenduz.

«Nire kasuan, ondare arkeologikoa eta, zehazki, aspaldiko gizarteetako gorpuzkiak aztertzen ditut, eta bereziki garrantzitsua da niretzat historia hori osatzen duten komunitateekin harremanetan egotea; izan ere, frogatuta dago gizarte batek zenbat eta hobeto ezagutu bere iragana, orduan eta gehiago arduratzen dela iragan hori gorde eta zabaltzeaz», adierazi du osteoarkeologian adituak.

Bokazioak pizteko aukera bat

Bere esanetan, ekimena «aukera paregabea» da «zientzialariontzat, gure lana gizartera hurbiltzeko, eta nola hartzen den ikusteko, ideia berriak jasotzeko eta bokazioak pizteko». Ohar batean azaldu du EHUk Garcia Colladok zikloan parte hartzea planteatu zenean, eskola txikien parte hartzea lehenestea erabaki zela, honelako jarduerak askotan hiriburuetan pilatzen direlako.

Zientzialariak ondo elikatzeko zer egin behar den azaldu zuen, orain dela mende batzuk nola jaten zen gogoratuz. «Polita izan zen beren harridurazko aurpegiak ikustea eraman nituen orain dela 1.400 urteko hazien aurrean, eta eskuetan izan zituzten Erdi Aroko hezurren aurrean zuten jakin-mina ikustea. Egin zituzten galderetako batzuk erronka handia izan ziren!», adierazi zuen.

Zientzia Zirkularra programaren gaineko informazioa ekimenaren webgunean eskura daiteke, baita izen-ematea egiteko orria ere.