GAUR8

‘Ehunezko kartografiak’, isilaraziak izan diren emakumeen istorioen erakusketa, ikusgai Bilbon

‘Ehunezko kartografiak. Istorioak josten munduko emakumeekin’ erakusketa Bilbon egingo da ikusgai martxo bukaerara arte. Herrialde ezberdinetako emakumeen kontakizunak biltzen ditu proiektuak ehun eta soinu lanen bidez.

Irudian, erakusketak biltzen dituen piezak sortzen.
Irudian, erakusketak biltzen dituen piezak sortzen. (Mitxi | UPV/EHU)

Lehen edizioan izandako arrakastaren ondoren, ‘Ehunezko kartografiak. Istorioak josten munduko emakumeekin’ erakusketa Bilbon ikusi ahal izango da berriz hilabetean zehar, lehenengo emanaldian ikusgai zeuden kartografiak eta parte hartzaileak bilduz.

Ehunen eta soinuen bidez baztertuak izan diren 26 herrialdetako emakumeen historiak islatzen dituen bilduma da gaur Bizkaiko Esperientzia Gelak espazioan inauguratu den erakusketa, eta martxoaren 21era arte egongo da bertan ikusgai.

Ikasleak eta elkarteak

«Proiektu global honetan emakumeen erakundeek parte hartzen dute, baita Euskal herriko Unibertsitateko (EHU) Haur Hezkuntzako Graduko eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko Psikodidaktikako masterreko ikasleek ere», azaldu du EHUk ohar batean.

Besteak beste, IRSE Indartuz, ACCEM, Haziak, Elkarbanatuz, Gizakia, Goiztiri, Bizitegi, Caritas-Giltza, Zubietxe, Galdakaoko Erabide Emakume Elkartea eta Koloretxe, Zehar Errefuxiatuekin eta Ongi Etorri Errefuxiatuak, EAPN Euskadi daude egitasmoan parte hartzen duten erakundeen artean.

Isilaraziak izan diren emakumeen istorioak biltzen dituen erakusketa Bizkaia Aretoan egon zen ikusgai pasa den azaroan. Emakume migratzaileen istorioak jaso dituzte, transkribatu eta laukietan adierazi, soinu-mapak sortuz.